Bizkaiak Euskaraldiagaz bat egin eta herritarrek parte hartu deien gura dau
2020-10-01 09:11 Euskerea berbagaiDanon ardurea da euskerea indartzea, sustatzea, zabaltzea eta jagotea.
Zemendiaren 20tik abenduaren 4ra egingo dan euskerearen aldeko ekimena babestu dabe Bizkaiko gizarteko ordezkariek. Ehundik gora arigune izango dira, euskera hutsezko guneak, Bizkaiko Foru Aldundiko 500 langileren inplikazioari esker. Bizkaiko Foru Aldundiak gonbita egin deutse Bizkaiko herritar guztiei II. Euskaraldian parte hartu deien, Bilboko Euskalduna Jauregiko urmaelean jentez ganezka egoan ekitaldian.
Bilboko Koral Alkarteko Euskeria Abesbatzak Aita Donostiaren Zeruan eder ilargia abestia kantau eta eta ondoren, Ibone Bengoetxea Herri Administrazinorako eta Erakunde Hartu-emonetarako diputadua buru izan dauen ekitaldiari ekin deutso: Euskaraz berba egiteko, konpartiduteko eta lan egiteko konpromisoa berretsi dau Foru Aldundiak. Danon ardurea da euskerea indartzea, sustatzea, zabaltzea eta jagotea, danon ardurea da, gutariko bakotxarena. Gaur batu garen erakundeotako ordezkariok bat egiten dogu Euskaraldiagaz. Bat egiten dogu eta gainera Bizkaiko gainerako erakundeak eta herritarrak animau gura doguz eurak be bat egin deien. Ekitaldi publiko hau tarteko dala Bizkaiko herritarrei eskatu gura deutsegu parte hartu deien. Orain urte bi 80.000 lagunek hartu genduan parte Bizkaian, datu ona da baina hobetu geinke kopuru hori. Bizkaitarrok euskerearen erabilerea handitzeko erronkeari aurre egin gura deutsagu.
Atxikimendu ekitaldian 50 bat ordezkari politiko, ekonomiko, sozial eta kultural izan dira. Lorea Bilbao Euskera, Kultura eta Kirol diputadua, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea eta zenbait erakundetako ordezkariak izan dira bertan: Athletic, Mendifilm, Bizkaiko museoak, Eudel, Euskalit, unibersidadeak, euskaltegiak, BOS, Euskaltzaindia, komunikabideak, arte eszenikoetako persona ospetsuak, euskera, merkataritza eta industria arloetako alkarteak eta finantza arloko ordezkariak.
Euskaraldiaren bigarren edizino honetako barrikuntza legez, aurten posible da Euskaraldiaren praktika sozialak irauten dauen 15 egunetan % 100 euskeraz berba egiteko konpromisoa hartzen daben enpresetan edo hainbat erakundetan kokatutako talde naturalek ekitaldiagaz bat egitea. Euskereagazko konpromiso hori hartzen daben talde horreei arigune deitzen jake. Foru Aldundian ehundik gora arigune abian jarteko, Foru Aldundian euskerearen erabileera sustatzen modu aktiboan dabizen 500 bat langilek parte hartzen dabe eta horreetako asko eta asko ERAMIAK izeneko foru erakundean euskerea normalizetako programan dabiz. Behargin horreetako bik, kolektiboaren ordezkari lez, Arigune figura barri horren irudia ikusarazoteko ardurea izan dabe Bilbon egindako ekitaldian: Onintza Enbeitak Ahobizi-ren rola irudikatu dau bertso baten bidez eta Eder Aurre diseinatzaileak Belarripresten rola jokatu dau bertatik bertara egindako diseinu baten bidez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!