Bertso Saioak Bilbon, Santutxuko Karmelo Plazan

Bizkaie! 2020-09-30 13:34   Bertsolaritzea

Urriko zapatuetan izango dira.

Urriaren 3an, 17an eta 24an, 13:00etan izango dira eta, besteak beste, Andoni Egaña Makazaga, Maialen Lujanbio, Onintza Enbeita eta Amets Arzallus bertsolariek hartuko dabe parte.

Programea euskaltzaleen topaleku izango da eta, aldi berean, Santutxuko Bertso Eskola beteranoak herrian egiten dauen lana babestu. Udagoieneko bertso saioak #BilbaoUdazkena2020 programearen barruan kokatzen da.

Programa hau maiatzean egiten da, baina azken hileotako osasun-inguruabarrak dirala eta, Udalak barriro programau eta izena aldatu behar izan da, izan be, aurreko edizinoetan eta ospatzen zan denporaldiagaz bat etorriz, programea ‘Udaberriko Bertso Saioak’ izenekoa zan. Baina Bizkaiko uriburuan kulturea eta euskerea sustatzea ardatz, programak euskaltzaleen topaleku izan gura dau.


Egitaraua

Santutxuko Bertso Eskoleak proponiduko ditu gai guztiak; sartzea doban da, leku-kopurua osotu arte.

Urriak 3

Andoni Egaña, Arkaitz Estiballes, Ibon Ajuria eta Beñat Gaztelumendi.

Andoni Egaña Makazaga bertsolari ezagunenetako bat da, bai bertsoa sortzeko prozesuari buruz egin dituan ikerketakaitik, baita mobimentuari berari egin deutson ekarpenagaitik be. Gainera, bertsolaritza modernoaren teorizazinoan aitzindarietako bat da. Bertsolari Txapelketa Nagusia irabazi dau, bertsolaritzako lehiaketa nagusia, 1993, 1997, 2001 eta 2005ean, lehiaketa horretan irabazitako txapelen errekorra lortuz.

Arkaitz Estiballesek 2005eko Euskal Herriko Txapelketako finalerdietan abestu eban. Gaur egun bertsolaritzako irakaslea da eta Bizkaiko Txapelketako txapelduna izan da 2010ean eta 2012an.

Ibon Ajuria Bizkaiko Txapelketaren finalera heldu zan 2016. urtean.

Beñat Gaztelumendi, barriz, Gipuzkoako txapelduna izan da birritan eta finalista be izan da 2013ko eta 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusian.


Urriak 17

Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Unai Iturriaga eta Jone Uria.

Maialen Lujanbio 2001ean hasi zan Bertsolari Txapelketa Nagusian eta txapeldunorde izentau eben. 2003an Gipuzkoako Txapelketea irabazi eta 2009an Bertsolarien Txapelketa Nagusia irabazi eban. 2017an be txapela irabazi eban txapelketa horretan. Maixa eta Ixiar, Alaitz eta Maider edo Oskorri euskal taldeentzako letrak sortzen lagundu dau.

Amets Arzallus Nafarroako txapelduna eta txapelketako parte-hartzaile gazteena izan zan, 2000 eta 2003 bitartean jarraian irabaziz. 2001ean parte hartu eban lehen aldiz Bertsolari Txapelketa Nagusian eta 2013an txapeldunaren txapela eskuratu eban.

Unai Iturriagak birritan irabazi dau Bizkaiko Txapelketea. Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finalean sei aldiz izan da eta 2005ean txapeldunorde izan zan. Finalean sartzeagaz batera, Iturriaga diziplinako ekitaldi handietara joaten ziran bertsolari gazteen irudia izan zan.

Jone Uria etxean bertsozaletu zan. 9 urterekin eskolan hasi zan bertsolaritzako eskolaz kanpoko eskolakaz eta 12 urte zituala Algortako bertso eskolan hasi zan. 2008an, Bizkaiko Txapelketan parte hartu eban lehen aldiz, finalerdietara helduta eta ordutik parte hartu dau 2010eko, 2012ko, 2014ko eta 2016ko finaletan. 2009, 2013 eta 2017 urteetako Bertsolari Txapelketa Nagusietan be parte hartu dau.


Urriak 24

Oihana Bartra, Miren Amuriza, Onintza Enbeita, Nerea Ibarzabal eta Oihana Iguaran.

Oihana Bartra Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketako txapeldunorde izan zan 2004an eta 2008an eta Bizkaiko Eskolarteko Txapelketako txapelduna 2007an eta 2008an. 2009an, 2013an eta 2017an Bertsolarien Txapelketa Nagusiaren finalaurrekoetara heldu zan eta Bizkaiko txapelketan hirugarren geratu zan 2016. urtean, laugarrena 2012an eta 2018an. Txapelketa honetan, 2010, 2012, 2014, 2016 eta 2018an finalista izan zan.

Miren Amurizak 2002an kantau eban lehen aldiz jentaurrean, Bizkaiko Eskolarteko Txapelketan parte hartu ebanean eta 2003an irabazi eban txapelketa honetako gazteenen kategorian. Urte horretan bertan, haren aita Xabier Amurizagaz batera agertokia konpartidu eban lehen aldia izan zan, Andikoako bertso-afarian kantau ebenean. 2009an hasi zan Txapelketa Nazionalean parte hartzen eta bigarren fasera heldu zan. 2016ko Bizkaiko txapelketan, bertsoentarako erritmo barri bat sortu eban, Chavela Vargasen kanta bat bersionauta. Bertsolarien Txapelketa Nagusian parte hartu dau eta 2009ko  finalerdira heldu zan: 2013ko final-laurenak eta 2017an finalerdia. Bertsolarien Txapelketa Nagusian parte hartu dau eta 2009ko finalaurrekoetara, 2013ko final-laurenetara eta 2017. urteko finalerdira heldu da.

Onintza Enbeita Bizkaiko Txapelketan txapelduna izan zen 2018an, eta finalista izan zen bi aldiz. Txapelketa honetan, 5. postua lortu zuen 2006an eta 2008an. 2009an iritsi zen Bertsolarien Txapelketa Nagusiaren finalaurrekoetara.

Nerea Ibarzabalek hainbat eskolarteko txapelketatan eta gazte saritan parte hartu dau. Lea-Artibaiko Txapelketan, 2012an kantau eban lehen aldiz eta 2014. urtean txapeldun izan zan. Bizkaiko Txapelketako finalistea izan zan 2016. urtean eta Bertsolarien Txapelketa Nagusian sailkatu zan urte horretan bertan. 2018an, Bizkaiko Txapelketan parte hartu eban barriro eta bota eban bertso bat biral bihurtu zan Berri Txarrak taldearen kanta bat erabiltzegaitik.

Oihana Iguaranek bertsolaritzako lehen eskolak jaso zituan 10 urter zituala. Lehen aldiz hartu eban parte Gipuzkoako Txapelketan 2011n eta finalista izan zan 2015eko edizinoan. Gainera, Bertsolarien Txapelketa Nagusiko finalerdietara heldu zan 2017an.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu