‘Biribilko', dendarien artean euskerearen erabilerea sustatzeko programea martxan
2020-09-29 13:30 Euskerea berbagaiBilboko dendariek datorren barikura arteko epea (urriak 2) dabe matrikulea egiteko.
Biribilkok ikastaro mueta bi eskaintzen ditu: bata, oinarrizkoa, euskeraz ez dakiten edo oso gitxi dakitenentzat eta bestea, euskera-mailea hobetu nahi dabenentzat.
Interesa daben Bilboko dendariek datorren barikura arteko epea (urriak 2) dabe matrikulea egiteko Biribilko webgunean, euskaltegietan edota 688 739 015 telefonora deituta.
Ikastaroen osogarri, Euskerearen Txanda ekimena landu dabe, hau da, ondo ikusteko moduko leku batean (erakusleihoan edota atarian) jarritako bereizgarri baten bidez, bezeroei euskeraz egiteko prest dagozan establezimenduak identifikau dira.
Aurreko edizinoetan legez, ekimen hau HABEgaz, euskaltegi homologatuakaz eta BilbaoDendak-egaz alkarlanean egingo da, bai eta uriko merkatarien alkarteakaz be.
Koldo Narbaiza Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntza Saileko zinegotziak eta Rafael Gardeazabal Merkataritza eta Turismoa Sustatzeko BilbaoDendak Plataformako presidenteak Biribilkoren aurtengo edizinoa aurkeztu dabe gaur. Euskerearen erabilerea arlo guztietan, baita merkataritzakoan be, sustatzeko Udalaren konpromisoa azpimarratu nahi izan dau Narbaizak: bezero euskaldunei eskaintzen jaken zerbitzu komertziala hobetzea da asmoa, erosketak egitea atseginago izan daiten, bertokoakazn hurrekotasuna eta inplikazinoa erakutsiz, zerbitzuaren kalidadea hobetuz eta euskerea erosleak erakarteko eta fidelizetako faktore bihurtuz.
Bestalde, Gardeazabalek Biribilko udal programea bere sektorearentzako estrategikotzat jo dau, gure saltokiek bezeroakaz daben komunikazinoa hobetzeko eta, gainera, gero eta saltoki euskaldunagoak izateko aukerea emoten dauelako eta horrek zerbitzu hobea dakarrelako.
Biribilko programan aurreko urteetako eskaintzeari eutsi deutse eta aukera bi emoten deutsee dendariei:
- Euskera komertzialeko oinarrizko ikastaroa: Bilboko merkatarientzat eta hor lan egiten dabenentzat, euskeraz jakin ez edo oso gitxi dakitenean. Helburua da ahozko oinarrizko komunikazinoa lantzea, merkataritzan ohikoak diran egoeretan hizkuntza-arloko erispideak emotea.
- Euskera komertziala hobetzeko ikastaroa: Bilboko merkatarientzat eta hor lan egiten dabenentzat, euskeraz zeozertxu dakitenean. Honako honetan, helburua da merkataritzearen arloan erabilten dan euskerea –ahozkoa zein idatzia- hobetzea.
Ikastaro biek 90 orduko iraupena dabe: astean egun bi, 2020ko urritik 2021eko bagilera, 08:00etatik 09:30era edo 14:15etik 15:45era. Biribilko programako ikastaroek Bilboko Udalaren eta HABEren dirulaguntzinoa dabe eta 90 euroko kostua dabe. Ondoko euskaltegietan emongo dira:
Bilbo Zaharra. Posta kalea, 8
Gabriel Aresti. Done Bikandi, 2
Indautxuko AEK. Urkixo Zumarkalea, 88
Juan Mateo Zabala. Gordoniz kalea, 22
Matxintxu AEK. Ramón y Cajal etorbidea, 8
Lizardi AEK. Txakur kalea, 1
Santutxuko AEK. Arbidea kalea, 21
Ulibarri Euskaltegia. Gardoki kalea, 3
Eskoletara modu erregularrean joaten diranek (eskola-orduen % 75 egin behar dabe, gitxienez) Biribilkoren 2020-2021 urteko ziurtagiri personala jasoko dabe. Gainera, nahi dabenei, merkataritza-arloko hiztegiak (gaztelania-euskerea), jarduera-adar batzuetakoak, emongo jakez doban saltokietan erabilten diran berba eta esamoldeakaz. Era berean, saltokietan izakera publikoko merkataritza-arloko testuak (kartelak) gaztelaniatik euskerara itzultzeko dobako zerbitzua.
Bestalde, bezeroak euskeraz atendidu gura eta horretarako gaitasuna daben establezimenduek bat egin leikie Euskerearen Txanda ekimenagaz. Horretarako, euren datuak emon leikiez Biribilkoren webgunearen bidez edota 688 739 015 telefonora deituta. Ondoren, bereizgarria emongo jake bezeroek saltoki euskalduna dala jakin eta horreetan euskeraz egin leikiela jakin deien.
1.700 persona baino gehiago matrikulau dira 11 urtetan
Biribilko 2009an jaio zan eta ordutik Bilboko merkataritzan dabizen 1.731 persona matrikulau dira.
Igaz, 2019-2020an, 165 pertsona izan ziran: % 77 emakumeak eta % 23 gizonezkoak.
Ikastaroa egin eben personen % 30 zerbitzu personalen jarduerakoak (ule-apaindegiak, gimnasioak, bidaia-agentziak...) izan ziran; % 14 erropa, oinetako eta osogarrien jarduerakoak; eta % 11 bestelako produktuak saltzen dituen saltokietakoak (olgeta-dendak, loradendak, bitxi-dendak). Gainerakoak bestelakoetan sartzen dira (elikagaiak, drogeriak, botikak, altzariak, etxerako produktuak...).
Azken edizinoko ikastaroetan ibili ziran ikasleek, 0 eta 10 arteko eskalan, 7,8 puntu emon zituen.
Ikastarootan parte hartu daben persona gehienen ustez euskeraz berba egiteak asko laguntzen deutsoo negozioari errentagarriagoa izaten, bezeroak erakarteko eta fidelizetako eta kalidade handiagoko zerbitzua emoteko baliogarria dalako. Gainera, saltokietan euskerea erabiltea modernizazino, prestigio eta erakargarritasunagaz buztartzen dabe.
Ikastaroak urrian hasteko eta eskolak presentzialak izateko asmoa dago, ikasteko modurik eraginkorrena horixe da-eta; halan da be, osasun-egoerearen arabera, ikastaroak beste era batera antolatu eta gauzatu ahal izango dira.
BilbaoDendak
Biribilko programea sustatu eta zabaltzeaz gan, BilbaoDendak alkarteak hainbat ekintza egiten ditu Bilboko merkataritzan euskerearen erabilerea bultzatzeko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!