Bizkaiko Foru Aldundiak Euskera Bizia Batzordea barritu dau

Bizkaie! 2020-09-28 11:45   Euskerea berbagai

Organo aholku-emoile hau Bizkaiko eragile eta erakundeetako kide garrantzitsuen topagunea da.

Arlo sozial guztietako jentea hartzen dau, erreferenteak nor bere arloan, euskerearen aldeko jarrerea bultzatzeko eta euskerearen erabilerea bultzatzeko programak sustatzeko.

Kirol federazinoakaz landutako BIKEE lako proiektuak finkatzea edo euskerearen erabilera egokiak identifikau eta nazinoartera zabaltzeko proponidutako ekimena dira, besteak beste, Batzordearen lehen saioan jorratutako gaiak. Danak dira aparteko garrantzia dabenak, Hizkuntzen Europako Eguna ospatzen dogun honetan, izan be, euskerearen eboluzinoa erreferentea da beste hizkuntza-komunidade batzuentzat, izan europarrak nahiz nazinoartekoak. Euskal gizarteak argi erakutsi dau posible dala hizkuntza ez-hegemonikoak bizibarritzea eta, esangura horretan, lanean jarraitu behar dogu, gero eta txikiagoa izan daiten gure lurraldean euskerearen eta gaztelaniaren arteko desoreka soziala.

Euskera Bizia aurrerantzean be organo aholku-emoilea izango da, Bizkaiko Foru Aldundiaren Euskera, Kultura eta Kirola Sailari atxikia.

Bizkaiko Foru Aldundiaz gan, Euskera Bizia Batzordeko 38 eragilek euskerearen sustapenagaz lotutako
arloa landuko dabe. Batzorde barria gaztetuta dator, parekidea eta heterogeneoa da eta kide banakoek
esperientzia handikoak dira, nor bere arloan.

Lehen bileran, Batzorde barriak erabagi dau honezkero hasita dagozan eta eboluzino onuragarria daben zenbait proiektu finkatzea, esate baterako, BIKEE, kirol federazinoetan euskerearen erabilerea indartzeko.

Lorea Bilbao Euskera, Kultura eta Kiroleko foru diputadua buru izan dauen lehen saio horretan, hainbat eztabaida sortu dira, esate baterako, euskerearen erabilerea sustatzeko hainbat esparrutan egindako praktika onak balioan jarteko beharra eta, ahal dan neurrian, horreek nazinoartera be zabaltzea, beste hizkuntza-komunidade batzuek be praktika eta erispide horreem barri izan eta euren errealidadeetan be aplikau deiezan.

Era berean, ondoko gaiak be jorratu ditue: hizkuntza-paisaiaren eragina, euskerea erabilteko espazioak identifikau eta bultzatzea eta erregistro eta tokiko aldaerak egoki erabilteak dauen garrantzia. Ganera, azpimarratu da euskerea ikasteko prozesuetan dabizenakaz enpatia behar-beharrezkoa dala.

Euskera Bizia Batzordeak Euskera, Kultura eta Kirol Sailari atxikitako organo aholku-emoile beharretan jarraituko dau eta, aurrerantzean be, euskerea balioan jarriko dau, jarrera positiboak sustatu eta erabilerea bultzatuko dau, Aldundiaren lan-arlo estrategikoetako bati jarraipena emonez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu