HABEk HOBE sistemea estreinau dau euskera mailak egiaztatzeko

Bizkaie! 2020-09-28 12:00   Euskerea berbagai

Datozen hiru egunetan 8.200 personek parte hartuko dabe mailak egiaztatzeko probetan.

20/21 ikasturtearen hasiera-ekitaldia | Ikusi handiago | Argazki originala

HABEren euskera mailak egiaztatzeko azterketen bigarren deialdiak nobedade aitagarria dakar: lehen aldiz, hainbat ikaslek azterketak modu elektronikoan egin ahal izango ditue. Gaur hasi eta eguaztenera arte 8.200 personek egingo ditue probak honako mailetarako: B1 (deialdi edegia), B2 (deialdi edegia eta euskaltegietako ikasleentzat), C1 (deialdi edeguia eta euskaltegietako ikasleentzat) eta C2 (deialdi edegia eta euskaltegietako ikasleentzat). Barakaldoko BEC Erakustazokan, Buesa Arenan (Gasteiz) eta Kursaalean (Donostia) egiten dabiz probak.

Azterketak modu elektronikoan egiteko aukerea C1 eta C2 mailetako deialdi edegietako azterketariei eskaini jake, BECen egiten dabizen probetan baino ez. Garapenaren lehen fase honetan, 320 lagunek egin dabe sistema honen alde (HOBE sistemeak 1.200 lagun be onar eikezan lehen fase honetan). Helduen euskalduntzeaz eta euskaltegien sarea koordineteaz arduratzen dan HABE erakundeak sistema hori era gradualean zabaldu gura dau, onuragarria izango dalakoan ikasleen ikuspuntutik zein antolakuntza aldetik.

Jokin Azkue HABEko zuzendariak azaldu ditu sistema horren abantailak: Euskera mailak egiaztatzeko prozesuaren digitalizazinoan aurrera egiteko aukerea emoten deusku eta ikuspuntu guztietatik onuragarria dalakoan gagoz. Alde batetik, herritar gazteenak hobeto moldatzen dira ordenagailuaren bidez: azkarrago idazten dabe, ezabatzeko aukerea emoten deutse; bestetik, sistema honen bidez arinago egiten da zuzenketa-prozesua: ez da beharrezkoa erredakzino guztiak eskaneetea. Esangura horretan, sistema hau erantzun handiz zabaltzen bada, deialdi gehiago azterketari gitxiagogaz egin ahal izango dira urte osoan zehar eta hori onuragarria izango da ikasleentzat, adierazo dau.

HOBE (HABEren Ordenagailu Bidezko Egiaztatzegintzea) sistemea aplikazino bat da, igaz modu pilotuan abian jarritakoa. 2020ko bigarren deialdi honetan hasi da ezartzen era ofizialean, baina C1 eta C2 mailetara mugatuta. Euskerazko hizkuntza gaitasuna ziurtatzeko tresna digitala da eta honen bidez ikasleen eskura jarten dira probak egiteko beharrezko baliabide informatiko guztiak, baita baliabide personalak be, probak behar bezela egiten dirala ziurtatzeko. Aplikazino honek ahozko eta idatzizko ulermen-ariketak eta idatzizko probea egiteko aukerea dakar, baina ahozko azterketea modu tradizionalean egingo da, hau da, aurrez aurre eta aztertzaile bigaz.


Urteko bigarren deialdi hau holan antolatu da:

- Euskaltegietako ikasleentzako deialdia: B2 maila (irailak 30), C1 maila (irailak 30) eta C2 maila (irailak 29).

- Deialdi edegia: B1 maila (irailak 29), B2 maila (irailak 29), C1 maila (irailak 28, papela eta sistema HOBE) eta C2 maila (irailak 29, papela eta HOBE).

Aurtengo hizkuntza-gaitasun mailak egiaztatzeko lehen deialdia joandako bagilean egin zan eta 12.000 lagunek parte hartu eben. Orduko haretan, proba guztiak Barakaldoko BECen egin zituen, joan dan udabarriko konfinamenduaren ondoren bizi zan osasun-egoerea zala eta. Orain, Kursaalera eta Buesa Arenara be eroan ditue probak, segurtasun eta urruntze-neurri guztiak aintzat hartuz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu