Badator II. Arratiako Kalenturak Ipuin Erotikoen Lehiaketea

Bizkaie! 2020-09-28 10:55   Kulturea

Lanak bialtzeko epea 2020ko zemendiaren 30ean amaituko da.

Arratiako Kalenturak Ipuin Erotikoen Lehiaketea gure eskualdetik kanpora eroan gura dogu, beren-beregi bertoko literaturazaleak parte hartu deien animau arren, Euskal Herri osorako lehiaketea izatea gura dogu. Horretarako, batetik, ezinbestekoa da sari dezentekoak emotea eta, bestetik, prestigioa emongo deutsan literatura munduko lagun ezagunak osotutako epaimahaia izatea, eta beharbada garrantzitsuena, ondoren, saridun izango diran ipuinakaz argitalpenak plazaratzea.

Zertu Kultur Alkartearentzat erronka garrantzitsua da lehiaketa hau antolatzea, izan be, argi dago zer lortu gura dogun: Euskal Herria osoan eta Arratian literatura zaletasuna bultzatzeko beste tresna bat eskaintzea; egile gazteei edota hasibarriei hasteko plazea eskaintzea; gazteen artean irakurzaletasuna bultzatzea; berbakera erotiko-afektiboa euskeraz lantzea, baita genero erotikoaren inguruko ikuspegi zabalak emotea.


I. Arratiako Kalenturak

Ernesto Prat Urzainki nafarrak, genero bako sexu istorioa jorratu eban Sokada baten hiru muturrak izeneko lanean, irakurlea atrapau eta momentu baten be interesa galdu ezin dan narrazinoan. Bigarren saria, Durangoko Josu Unzueta Ajuriarentzat izan zan, Ilargiaren abestia lanagaitik. Arratiako onenari saria, Bediako Karlos Aretxabaleta Ormaetxeak eroan eban, Ortzimugan larrua jo leike ipuinagaitik.

Arratiako Kalenturak Ipuin Erotikoen lehenengo edizinoa irabazi dauen Ernesto Pratek daborduko ibilbide emonkorra dauka idazle moduan, izan be, hiru nobela ditu argitaratuta (Hiru ilargi laurden, 2012; Orpoz orpo, 2014, eta Telleria eta gero, zer? 2017) eta sariak be jaso ditu beste ipuin lehiaketa batzuetan.

Ernesto Prat Urzainki Little Berriozarren jaio zan 1978an. Nekazaritzeari eta zurgintzeari lotutako ikasketak egin eta mendiko peoi, euskera irakasle, zerbitzari, musikari, Skalariak taldeagaz sei urte egin zituan tronpetea joten eta Kalapite musika taldeko kide be izan zan.


II. Arratiako Kalenturak 

Oinarrietan ondokoak nabarmendu daitekez: hamasei urtetik gorako edozein personak hartu leike parte eta lan guztiak argitaratu bakoak eta euskeraz idatziak izan beharko dira.

Lanak ipuin erotikoak izango dira eta DIN A4 orrietan makinaz tarte bikotxean idatzita aurkeztea nahitaezkoa da. Lanen luzerea lau eta zortzi orrialde artekoa izan behar da.

Lanean ez da egilearen daturik ipiniko, izenburua bakarrik. Egilearen datuak (Izen-abizenak, edadea, telefonoa, helbidea eta lanaren izenburua) gutunazal zarratu baten sartu eta gutunazal horren azalean lanean ipinitako izenburu bera ipini beharko da.

Jatorrizko lana, originala, hiru kopia, eta egilearen datuak dituan gutunazala beste gutunazal handiago baten sartuta, honako helbide honetara bialdu beharko da: Zertu Kultur Alkartea, Herriko Plaza 24, 48142 Artea (Bizkaia). Posta elektronikoz bialdu ezkero, gehitu artxibo bi, bat lanerako, bestea datuetarako, eta bialdu helbide honetara: begitu@topagunea.com.

Hiru sari emongo dira: lehenengoa 600 eurokoa, bigarrena 400 eurokoa eta Arratiako onenari, 250 eurokoa.

Lanak bialduteko azken eguna 2020ko zemendiaren 30a izango da.

Zertu alkarteak izentauko dau epaimahaia literatura munduko kideakaz.

Sari emotea irabazleak bertan dirala egingo da aurtengo Gabon inguruan Igorreko Kultur Etxean.

Lan saridunak Zertu alkartearen esku lotuko dira eta osorik zein zatika argitaratzeko aukerea izango dau, beti egilea nor dan adierazota.

Zertu alkarteak oinarri honeei edozein aldaketa egiteko aukerea izango dau, beti jentaurrean adierazota.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu