Pedro Mari Lejarza Ibarrondo: 'Ekitea eta ekitea da kontua'

Koldo Isusi Zuazo 2020-09-28 08:10   Barriketan

Mendizale zeanistarra.

Gorbeia Suzien x3 = 99 km: Aspanovas Bizkaia erakundeko Minbizidun Umeen Gurasoen alkarteari laguntzea da Pedro Mari Lejarza Ibarrondoren asmoa. Urriaren 3an erronka solidarioari ekingo deutso zeanistarrak. Koronabirusa dala eta, aurten ez da Gorbeia Suzien ospetsua egingo, baina, Zeanurin bertan, Gorbeia Suzieni lotutako erronkea izango da, 99 kilometroko ibilbidea, Gorbeia Suzien hiru bider.


1.- Zelan otu jatzun Aspanovas Bizkaia erakundeari laguntzeko abentura hau?

Gauza xumea, apala egiteko plana izan zan hasieran baina lagun batek esan eustan semea kantzerrak jota joan zala eta horrek nahikoa indar emon eustan Gorbeia Suzien x3 = 99 km ekimen solidarioari ekiteko. Holako gauza bat pentsau eta egiten dozunean, beti dago helburu bat eta orain be badago, Aspanovas Bizkaiari laguntzea, Bizkaiko Minbizidun Umeen Gurasoen alkarteari, hain zuzen be.

Horrezaz gan, Hiru Handiak lasterketa entzutetsuaren harian, esan behar deutsut Lexuri Crespok be erronka handia iragarri dauela: Mi esfuerzo, su sonrisa, hau be Aspanovas Bizkaiaren alde.

2.- Hiru Gorbeia Suzien, 99 kilometro inguru, astokeria emoten dau baina entrenamentu saioakaz eta ez dago ezer ezinezkorik, ala bai?

Ezinezkorik ez dago, ekitea eta ekitea da kontua. Borondatea, gogoa eta pasinoa buztartzea da giltza. Alde fisikoari erreparauta, entrenamentuak nahitaezkoak dira, mendirik mendi ibilten naz, makinatxu bat ordu, bost, sei eta hortik gora be bai eta aldatzetan serieak egiten ditut baina erronka honetan 18 ordu edo beharko dodaz, gau eta egun ibiliko naz baina kapaz naz erronkeari eusteko, holan sentiduten naz. Ibilbidea neuk bakarrik egingo dot eta Igiriñao aldean laguntza edo babes gune bat izango dot. Neure buruari jarri deutsadan erronkea da hau. Ezustekorik ezean, urriaren 2an, gauerdian ekingo deutsat eta oraindino badaukat lana ibilbidea markau eta eguraldiaren iragarpenak aztertzeko

Ehun kilometro baino gehiagoan, Gorbeia, Anboto eta Aizkorri lotzen dituan Hiru Handiak be egin izan dodaz eta, beraz, holakoetarako aldatzetan serieak eta mendian saio luzeak, besterik ez dago.


3.- Oraintsu Anboto inguruan ibili zara Sorginen Lasterketan. Zeintzuk dira ibilbidearen berezitasunak?

Lehenengo aldiz egin dot aurten, oraintsu izan da eta sano gogorra izan arren, oso gustora ibili naz. Atxondoko baserri inguruetan dago hasierea eta hor parean dagozan hiru aukeratatik gogorrena hartu genduan, kordelak ipinita egozan eta igon eta bajatu kontu handiz egin behar izan genduan.


4.- Gorbeia gorbeia da, Bizkaiko mendirik altuena baina gehienetan danok goaz Pagomakurretik baina Gorbeiako tontorrera igoteko beste aukera batzuk be badagoz, zeintzuk?

Jorratzen gagozan erronkearen erroetan dago Gorbeiara igoteko doguzan aukerak aldarrikatzea, Gorbeiara edo Lekanda zein Aldaminera edo Itxinara; Pagomakurretik gora egitea da normalena baina badagoz aukerak eta oso ederrak: Zeanuritik, San Justoko baseleizatik gora, Gorbeia Suzieneko bertikala, Lampreabetik beste bide bat dago, Saldropotik. Bide horreek berreskuratu, garbitu eta seinalizau gura doguz. Herritarron ardurea da eta mendia, naturea maite dabenei konpromisoa eskatzen deutset.

Jakina, Arratia aldeko igoerak aitatu deutsudaz baina Gorbeiko Parke Naturala erraldoia da eta Arabatik, Zaratetik be igoera polita dago, bizikletan egiteko aproposa, Zuiatik zein Orozkotik


5.- Gorbeia Suzien x3 = 99 km abenturearen harian, dorsal solidarioak bost euroan erosi daitekez Zeanuriko babesle eta denda laguntzaileetan. Orain arte zelan doa kontua, zenbat dorsal erosi ditue?

Eskandalua. Zehatz ezin deutsut esan baina azken egunotan jentea asko mobidu da. 300 dorsal atara nituan eta gitxi egongo dira saltzeko; kontua da ze, dorsala erosteaz gan, jentea ekarpenak egiten hasi dala, bakotxak ahal dauena eta hor be diru piloa batzen gabiz. Zeanuriko Udalak be 150 euroko ekarpena agindu dau eta modu apalean eskatu neutsana be bete dau, gitxieneko baliabideak jentearentzako, jarlekuak, prentsaurrekoa egiteko lekua eta bestelako batzuk.


6.- Mendizale amorratua zaitugu, Gorbeia Suzienen, Hiru Handiak, gure inguruko eta urrunagoko bazterretan zein Alpeetan ibilitakoa zara. Zein da gehien maite dozun mendia?

Gehien maite dodan mendia Lekanda da, lagun bat daukat beti gogoan... Goizero jagiten nazenean aurrean azaltzen jat eta zer esango deutsut ba... [Emozionauta]


7.- Bihar-etzirako ze erronka dozu buruan?

Erronka zalea naz izan eta, ahal bada, datorren urtean, Alpeetan Cervino-Matterhorn-eko tontorra zapaldu gura neuke. Alde fisikoa eta mentala ondo jagon arren, mendi berezia da, ikusgarria, 4.478 metroko altuerea dauena. Ganera, bidea topetea ez da erraza, gida bat kontratau behar izaten da eta 1.600 euro inguruko kostua dauka.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu