40 ikaslek parte hartuko dabe master barrian

Bizkaie! 2020-09-25 12:54   Euskerea berbagai

EHUk eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak bultzatu dabe.

Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordeak eta Miren Azkarate EHUko Euskera Institutuko zuzendariak Euskerearen jaubekuntzea, kudeaketea eta hizkuntza-praktikak XXI. mendean masterra aurkeztuko dabe arratsaldean, UPV/EHUko Eibarreko Injinerutza Eskolan. Danetara, 40 ikaslek parte hartuko dabe graduondoko honetan, 32k masterraren lau moduluetan eta 8k bakar batean.

Master hau UPV/EHUko Euskera Institutuaren eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzearen arteko lankidetzeari esker bultzatu da eta urte biko iraupena izango dau. UPV/EHUko Euskera Institutuaren lanari esker sortu da masterra, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzeak sustatuta. Masterrak helburu nagusi bi ditu: Alde batetik, euskerearen esparruan lanean eta ikerketan sakondu nahiko leukien ikasleak prestatzea; bestetik, euskereari lotutako esparruetan dabilzan profesionalentzako formazino osogarria be izatea. Masterrak formatu erdi-presentziala izango dau: bariku arratsalde eta zapatu goizetan izango dira eskolak, aste birik behin, Eibarko EHUko Injinerutza Eskolan. Ikasleek aukeratutako eremuan praktikak egiteko aukerea be izango dabe.

Masterrari esker, ikasleak hizkuntzak bizibarritzeko giltzarri diran faktoreez jaubetuko dira; hizkuntza-planifikazino eta ebaluazinorako dagozan tresnak erabilten ikasiko dabe; euskerearen kudeaketea, kudeaketa aurreratuan txertatzen ikasiko dabe; eremu ez-formalean euskerearen sustapenerako eraginkorrak diran estrategia eta esperientziak ezagutuko ditue; enpresetako euskera planak egiten ikasiko dabe; bigarren hizkuntzak ikasteko eta irakasteko metodologiak ezagutuko ditue. Herri-administrazinoetan, arlo sozioekonomikoan, eremu ez-formalean eta helduen ikas-irakaskuntzan euskerea sustatzeko egindako bideaz eta, batez be, azken urteotako barrikuntzez jaubetzeko aukerea izango dabe ikasleek. Bikain, INDEUS, EUSLAN, Bizkeus, Eusgara edo Lanabes egitasmoak, Erreferentzia Marko Estandarra (EME) edo Helduen Euskalduntzerako Oinarrizko Curriculuma (HEOC) ekimenak aztertu eta lehen eskutik ezagutzeko aukerEa izango dabe.

Unibersidadeetako irakasleez gan, arlo bakotxeko adituak izango ditue irakasle. Ikasleek 3 ECTSeko praktikak egiteko aukerea izango dabe, herri-administrazinoetan, eremu sozioekonomikoan, eremu ez-formalean eta helduen euskalduntzean.

Euskararen Jabekuntza, Kudeaketa eta Hizkuntza-praktikak XXI. mendean berezko masterra, lau aditu-tituluren baturea da. Bi urteak holan banatuko dira (60 ECTS + Master amaierako Lana 12 ECTS).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu