Bizkaiko Bertsolari Txapelketa atzeratu egingo da

Bizkaie! 2020-09-25 08:30   Bertsolaritzea

Udagoienerako bertso saioen zirkuito bat atontzen gabiz. Kultureak merezidu duelako eta bertsozaleek be bai.

Udabarria Bertsotan amaitu eta Bizkaiko Bertsolari Txapelketan kantauko daben bertsolarien zerrendea erabagi da. Halan da be, duda eta bilera askoren ostean, Covid-19ak eragindako egoerea tarteko, Bizkaiko Bertsozale Alkartean Bizkaiko Bertsolari Txapelketea datorren urtera atzeratzea erabaki dogu.

Txapelketea parte-hartzaileentzako eragina handikoa da, euren ikusgarritasuna plaza honek emoten dau eta hurrengo urteetarako plazak eskaintzen deutsee. Urte berezia da, eta gatxa da aukera bardintasuna bermatzea egoera honetan. Batetik, saioen ezaugarriak pandemiaren bilakaerearen arabera aldatu daitekez eta, bestetik, sailkapen izkaerea dauenez, saio batean parte hartu ahal ez izateak, Txapelketa osoa galtzea eragingo leuke.

Bizkaiko Bertsozale Alkartean uste dogu Txapelketako saioak egiteko baldintzarik egon ez arren, bestelako saio mota asko antolatu daitekezala danon osasuna bermatuz. Kultura segurua dala berretsi gura dogu eta danok seguru egonda egiteko moduko saioak atondu daitekezala uste dugu. Horregaitik, udagoien honetarako bertso saioen zirkuito bat atontzen gabiz. Kultureak merezidu duelako eta bertsozaleek be bai. Aurrerago emongo ditugu horri buruzko zehetasunak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu