Euskaraldian izena emoteko epea edegi dabe

Bizkaie! 2020-09-24 13:27   Euskerea berbagai

II. Euskaraldiaren kantua eta bideoklipa aurkeztuko ditue gaur, 19:00etan, Bergarako Seminarixoan.

Zemendiaren 20tik abenduaren 4ra egingo dan, Euskaraldiaren bigarren edizinoan izena emoteko epea zabaldu dabe gaur. Aurreko edizinoan moduan, ahobizi eta belarriprest rolakaz parte hartuko dabe ariketa sozialeko parte-hartzaileek. Koordinazino lanetan dabizen eragileek aurkeztu dabe gaur Gasteizen Euskaraldiaren bigarren edizino hau eta parte hartzeko dei zabala egin deutse gizarteari; bertan izan da Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzako bozeroailea, Jaurlaritzea baita Euskaraldiaren sustatzailea, beste erakunde eta eragile batzuekaz batera.

Sailburuagaz batera, Arrate Illaro Euskaraldiko koordinatzaileak, Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko presidenteak, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrakazko Hatu-emonetarako Kontseilariak, Gorka Urtaran Gasteizko alkate eta EUDELeko presidenteak, Ramiro González Arabako Ahaldun Nagusiak, Paul Bilbao Euskerearen Gizarte Erakundeen Kontseiluko idazkari nagusiak, Andres Urrutia euskaltzainburuak, Zuriñe Gil Gasteizko GEU alkarteko kideak eta Maialen Sobrino Zaramaga auzo alkarteko kideak parte hartu dabe. Agerraldian egon ezin izan ez diran arren, Euskaraldiaren koordinazino eta antolaketan parte hartzen dabe Euskerearen Erakunde Publikoak, Euskal Urigune Alkargoak eta Euskal Konfederazinoak.

Euskaraldia hizkuntza ohiturak astintzeko ariketa soziala dala nabarmendu dabe antolatzaileek, euskerearen erabilerea bultzatzeko ariketea. Euskaraldiko partaideak euren hizkuntza ohiturak aztertu eta aukeratzen daben rolaren arabera ibiliko dira 15 egunetan. Aurreko edizinoan bezela, rol bi izango ditue aukeran izena emoten dabenek:

- Belarriprest: Euskeraz berba egiteko eskatzen dabenak dira belarriprest, euskerea ulertzen dabe eta eurekaz euskeraz egitea gura dabe. Ulertzen daben danakaz ez dabe beti euskeraz berba egingo, baina ahal eta nahi daben guztietan egingo dabe. Gakoa jokaeran dago eta ez gaitasunean.

- Ahobizi: Euskeraz ulertzen daben danakaz euskeraz egingo dabe ahobiziek. Euskeraz ulertzen ete daben ez dakienean lehen berbea, beti, euskeraz izango da; berbakideak euskeraz ulertzen badau, euskeraz jarraituko dabe beti. Gakoa ahal dan guztietan euskeraz egitea da, jokaerak zehazten dau rola.

Euskaraldian 16 urtetik gorakoek izena emon leikie, helduen hizkuntza ohitura eta portaeretan eragitea baitau helburu ekimenak. Euskerea ulertzeko gaitasuna gitxienez izan behar dabe parte-hartzaileek, baina hortik aurrera, bakotxak erabagiko dau ze rol dan berarentzat egokiena. Modu kontziente eta borondatezkoan, hizkuntza ohiturak astindu edo euskerearen erabileran aurrerapausuak emon gura dituen lagunek 15 egunetan bete nahi daben rola erabagi eta izena emon ahal izango dabe, zemendiaren 20tik abenduaren 4ra jagoken rolaren txapea jantzita ariketea egin ahal izateko.

Lehen edizinoko parte-hartzaileen profila oso anitza izan zan. 16 urtez gorako edade guztietako emakume eta gizonek parte hartu eben ahobizi eta belarriprest modura. Aurten be aniztasun horri eustea izango da helburua, igaz gitxiago parte hartu eben edade tarte eta profiletan sakonduz: 16-30 urte arteko gazteak, gizonezkoak eta belarriprest jokabidea hartuko dabenak.

Parte hartzeko dei zabala egin dabe Gasteizen egindako agerraldian eragile eta ordezkari guztiek. Euskaraldiaren lehen edizinoan ahobizi eta belarriprest rolak hartu zituen herritarrak barriro be izena emon deien animau ditue bertaratuek eta dana dalakoagitik 2018an parte hartu ez ebenek be ateak zabalik dituela. Ariguneetan parte hartzeko asmoa adierazo daben herritar guztiek be izena emon beharko dabe.

Izena emateko hiru bide egongo dirala azaldu dabe: euskaraldia.eus webgunea, batetik, herriz-herri antolatutako batzordeen bidez, bestetik, eta datorren astetik aurrera eskuragarri egongo dan telefono aplikazinoa azkenik.

 

Covid 19 boladea

Agerraldian berbea hartu daben ordezkariek bigarren Euskaraldian Covid-19 pandemiak sortu dauen egoereak eragina izango dauela nabarmendu dabe. Gizartea jo dauen pandemiak euskeran be eragina izan dauela azaldu dabe eta, horregaitik, Euskaraldia, orain urte bi bezela, euskerearen erabilereari bultzadea emoteko ariketa praktiko eta motibagarria izatea dabe helburu antolatzaileek.

Azken hileotako lanak pandemiak baldintzatuta egin dira herriz-herri antolatutako batzordeetan eta horrek be eragingo dau. Halan da be, lehen edizinoan Euskaraldira batutako herri kopurua gainditu dala nabarmendu dabe antolatzaileek. Izena emon daben herri kopurua 412koa izan da (aurreko edizinoan 405 herritan egin zan).

Dagoeneko 4.300 baino gehiago dira ariguneak sortzeko izena emon daben erakundeetako zentroak eta danetara 13.000 arigunetik gora egongo dira. Era guztietako erakundeek ariguneak sortu eta Euskaraldian izena emoteako epea datorren irailaren 27an zarratuko da eta urrian zehar jakin ahal izango dira behin-betiko datuak.

 

Alkarlana

Alkarlanerako gune izan da aurten be Euskaraldia eta barriro be ekimenaren ezaugarri garrantzitsu modura azpimarratu dabe agerraldian. Gizarte eragile eta erakunde publikoen artean sortutako eta bultzatutako ekimenera, enpresak eta bestelako erakunde pribatuak gehitu dira. Herriz herri Euskaraldia antolatzen eta zabaltzen doa eta herrietan be alkarlan dinamika barriak sortzen dagozala gogora ekarri da.

Euskerearen erabileran salto handi bat emoteko Euskaraldiaren ezaugarriak garrantzitsuak dira antolatzaileen eretxiz eta horregaitik, gonbidapena egin jake herritarrei parte hartu eta inguruan zabaltzen eta eragiten ekarpena egin deien.


Izen-emotea abiatzeko ekitaldia

Gaur, irailak 24, arratsaldeko 19:00etan, Bergarako Seminarixoan, Euskaraldiaren bigarren edizinoaren kantua eta bideoklipa aurkeztuko dira.


Arrate Illaro, Euskaraldiko koordinatzailea

Herri batzordeak eta ariguneak aktibauta dagozan honetan, herritarrei dei egin gura deutsegu belarriprest edo ahobizi modura Euskaraldian parte hartu deien.


Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburua

Azken hileotan pandemiak gogor jo gaitu. Samina eragin dau familia askotan, eta danok itxi gaitu pattal baina orain ilusinoa behar dogu. Heldulekuak behar ditugu. Estimulu barriak behar ditugu. Eta uste dut Euskaraldiak hori ekarriko deuskula.


Ana Ollo, Nafarroako Gobernuko Herritarren Harremanetarako Kontseilaria

Gaitasun eta motibazino askotariko lagunek hartuko dogu parte Euskaraldian. Anitzak gara eta, halan da be, badogu danok zeozertxu: euskeraz gehiago egiteko pausuak emoteko prest gagoz. Nafarroan, euskerearen gaitasunean, edadearen aldagaiak eragiten dau. Euskeraz dakiten gazteen ehunekoak goraka egin dau azken urteotan eten barike. Nafarroan, gazteen % 25 da euskalduna. Belaunaldi euskaldunagoak datoz, hemen dagoz eta euskereak etorkizuna dauela erakusten deusku honek. Espero daigun gazteen euskerearen aldeko hautua indartzea eta euskereari leku gehiago emotea.


Kike Amonarriz, Euskaltzaleen Topaguneko presidentea

Orain urte biko enpatia, ilusinoa, begiradak, konplizidaaea sintonia onak barriro biziko doguz eta horreek ahalik eta jente gehienek erakustea lortu nahi dogu. Euskerearen alde salto egiteko sasoia da: herritarrek, erakundeek, aisialdian eta arlo sozioekonomikoan dabizen eragileek, danok dogu salto hori emoteko ardurea. Hauxe da momentua. Eta guk ez badogu egiten, ez dau beste inork egingo.


Ramiro González, Arabako Ahaldun Nagusia

2018an lehen aldiz ahobizi eta belarriprest rolak ezagutu genduzanean, arabar Lautadeak dagoeneko proba pilotu bat egina eban aurreko urtean. Aiaraldean be, 2017an holako zeozer jazo zala ezin ahaztu. Biak, Arabako eskualde batzuek euskeraz berba egiten dabenen aktibazinoan erakutxitako abangoardia-mailearen adierazle argiak dira. Eta horrexeri ekiteko asmoa dogu aurten arabarrok.


Gorka Urtaran, Gasteizko alkatea

Igaz 15.000 gasteiztarrek emon eben Euskaraldian parte hartzeko izena. Eta aurten marka hori gaindituko dogu. Ziur nago. Gasteiz ahobizi eta belarriprestez bete behar dogu barriro. Eta euskerea ulertzeko kapaz diran gasteiztarrei egiten deutset dei, eurak dira erronka nagusi eta politena orain.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu