20 irudigilek parte hartuko dabe ‘Itxitik’ proiektuan
2020-09-23 11:51 KultureaSektorean sormen-jarduerea bultzatzea da asmoa.
Kultureak bizi dauen egoera negargarrian ilustrazinoa eta sormen-lana sustatzeko asmoz, 20 euskal irudigilek parte hartuko dabe Itxitik proiektuan. Eusko Jaurlaritzeak, Euskal Irudigileak alkarteagaz batera, sustatu dauen lan honek konfinamenduaren inguruko ilustrazinoak batuko ditu liburu grafiko eleaniztun batean (euskerea, gaztelania, frantsesa eta ingelesa). Horren ostean, Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareak liburua erosi eta liburutegi publikoetan zabalduko dau. Maite Gurrutxaga, Ane Pikaza, Mikel Casal eta Yolanda Mosquera dira proiektuan parte hartzen daben sortzaileetako batzuk.
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren proiektu hau kokatzen da pasa dan bagilean kultur jarduerak sustatzeko asmoz iragarritako ekimen multzoaren barruan. Kulturako profesionalentzako laguntzez eta kultura-sektoreko enpresa txiki eta ertainentzako deialdiaz gan, Sailak bost proiektu jarri zituan martxan kultur enpresen jarduerea eta sorkuntzea sustatzeko asmoz. Danetara, 645.000 euro bideratu zituen bost esparru honeetako proiektuotara: argitalpen-produkzino; ilustrazinoa; zinema-produkzino; arte plastikoetako sorkuntzea; eta, azkenik, musika-ondarearen katalogazinoa eta digitalizazinoa. Itxitik proiektuaren kasuan, Eusko Jaurlaritzeak 105.000 euro bideratu ditu.
Proiektu honetan parte hartuko daben ilustratzaileen hautaketea oinarritzen da mundu osoko azoka profesionaletarako aurreikusitako erakusketa ibiltarirako egindako aurreko hautaketa batean, izan be, erakusketa hori bertan behera geratu da pandemiaren ondorioz. Aukeraketa horretarako epaimahaia honako honeek osotu eben: Raquel Meyers, Irudika 2020-animazinoa; Araiz Mesanza, Irudika 2020-ilustrazinoa; Bilboko Arte Eder Museoa (Javier Novo, Miguel Zugazaren ordezkari); Artium Museoa (Enrique Martínez, Beatriz Herráezen ordezkari); Vicente Ferrer eta Begoña Lobo, Media Vaca argitaletxekoa (boto bakarragaz); Ainhoa Sánchez, AC/E alkartekoa; eta Sonia Pullido, Euskal Irudigileak alkartearen izenean.
Egile bakotxa hautatzeko erabilitako tresnea Euskal Irudigileak alkarteak egindako online katalogoa izan da; bertan, alkarteko kide bakotxak hiru eta bost irudi artean emon ahal izan zituan, euskal ilustrazinoari eskainitako azoketan lana aurkezteko eta zabaltzeko egokitzat jo zituenak. Hortik aurrera, egileek eurek katalogoan proponidutako irudiak balorazino bakar lez ezarri ziran, webguneak, ibilbideak edo curriculum vitaea alde batera itxita. Euskal Irudigileak alkartetik adierazo dabenez, asmoa izan da epaimahaiaren inpartzialtasunari eustea eta aurkeztutako lan bakotxerako aukerak demokratizetea. .
Epaimahaia bat etorri da hautagaitzen maila altua azpimarratzean eta adierazo dabe horrek gatx jarri dauela ilustratzaileen hautaketea. Epaimahaiaren arabera, kasu gehienetan aho batez egin bada be, epaimahaiko zenbait kidek esan dabe aukeraketea handitu eta plaza gehiagotara zabaldu nahiko leukiela. Epaimahaiaren arabera, izen garrantzitsu batzuk hautaketatik kanpo geratu dira.
Bestalde, epaimahaiak nabarmendu dau kasu batzuetan nahiago izan dabela orain arte horrenbeste aukera izan ez diztuen eta multzo horren barruan oso duin agertzen diran ahots barriei aukera bat emotea. Hautaketa-erispideen artean ondokoak lehenetsi ditue: lanen profesionaltasuna, egile bakotxaren irudi desbardinen arteko koherentzia, orijinaltasuna, sormena eta aurkeztutako proposamenen harritzeko gaitasuna. Jokerek eta modek markautako garai honetan, epaimahaiak uste dau oso beharrezkoa dala lan-arlo orijinalak erakusten dituen ahots bereziak bultzatzea
Azkenik, epaimahaiaren eretxiz oso garrantzitsua da euskal ilustrazinoa jorratzen dagoan bideen idea indartsu eta koherente bat transmitidutea maila kolektiboan, norbanakotasun jakin batzuk bultzatu beharrean.
Hona 20 irudigileen zerrendea:
Elena Odriozola
Ane Pikaza
Elisabeth Pérez Fernández
Higi Vandis
Jesús Sotés
Josune Urrutia
Maite Gurrutxaga
Mikel Casal
Ruth Juan
Yolanda Mosquera
Amaia Arrazola
Idoia Iribertegui
Miren Asiain
Ainara Azpiazu Axpi
AlexF
Gastón
Helena Azkarragaurizar
Javier de Issusi
Char-Lee
Iraia Okina
Ordezkoak: Janire Orduna, Iban Iluna eta Leire Urbeltz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!