Euskaltzaindiak Euskaraldian parte hartzeko deia egin deutse euskal herritarrei
2020-09-23 08:05 Euskerea berbagaiEuskereak arnasguneak behar ditu, prestigioa behar dau, alkarlana, hiztunak eta sustatzaileak.
Euskaraldiaren bigarren ahaleginaren atarian gagoz, zemendiaren 20tik abenduaren 4ra antolatuko baita. Jakina danez, euskal hiztunak suspertzea dau helburu Euskaraldiak, beraz, euskerea ulertzen daben hiztunen arteko hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa soziala da, gizartearen leku guztietara zabaldua eta denporeari jagokonez mugatua.
Euskaraldiaren helburu nagusia euskerearen erabilerea haztea da, herritarren hizkuntza ohituretan eraginez. Ganera, aurten norbanakoek (ahobizi edo belarriprest izanez) parte hartzeko aukeraz gan, taldean parte hartzeko aukerea be izango da arigune-en bidez.
Euskaltzaleen Topaguneak eta euskerearen lurralde guztietako erakunde publikoek bultzatzen dabe egitasmo hau eta, aurrekoan bezela, Euskaltzaindiak bat egin dau Euskaraldiagaz, euskal herritarrei bertan parte hartzeko dei zabala eginez; holan, Andres Urrutia euskaltzainburua, Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea eta Kike Amonarriz Topaguneko lehendakaria batu dira gaur, Akademiaren Bilboko egoitzan; Urrutiak ondokoa nabarmendu dau: Euskereak arnasguneak behar ditu, baita prestigioa be, alkarlana, hiztunak eta sustatzaileak eta hori dana dakar Euskaraldiak; aurrekoan bezela, orain be egitasmo eraginkor honegaz bat egiten dau Euskaltzaindiak eta euskal herritarrak deitzen ditu bertan parte hartu deien, modu natural eta atseginean.
Miren Dobaran, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak gogoratu dau 2018ko Euskaraldiak lortutakoa: Orain dala urte bi Euskaraldiak hainbat gauza positibo ekarri euskuzan. Esperimentu sozial masiboa izan zan, eta herritarrek euskerearen erabilerea bultzatzeko eta hizkuntza-ohiturak aldatzeko konpromisoa erakutsi eben. Euskaraldiak inertziak hausi eta hizkuntza-ohituren inguruko hausnarketea sortu eban eta hizkuntza-jarreretan be aldaketa zehatzak ekarri zituan. Sekulako ilusinoa piztu eban gurean. Orain -gaineratu dau Dobaranek-, pandemiak gogor jo gaituan honetan, euskereak Euskaraldiaren lehenengo edizinoak emon euskun guztia behar dau. Eta ekarri euskun ilusinoa be behar dogu.
Kike Amonarriz, Topaguneko buruak be euskaltzainburuak aitatutako kontu bat azpimarratu nahi izan dau, alkarlanaren garrantzia: Azken hamarkadetan euskerearen normalizazino-prozesuan emondako pausu handienak herritar, alkarte, mobimentu eta erakunde ezbardinen alkarlana ardatz hartuta egin dira eta bolada gogor honetan be, euskerearen alde lan egingo badogu, ezinbestean, alkarregaz eta alkarlanean egin beharko dogu. Euskaraldiaren helburuetako batzuk aletu ditu Amonarrizek berbaldiaren amaieran: Euskerearen aurrean jarrera eta praktika errealak sustatu nahi ditu Euskaraldiak, ahal dan kasu eta eremu guztietan hizkuntzearen erabilera bultzatuz. Inertziak baztertu eta hizkuntza-ohiturak aldatzeko proposamena da. Testuinguru gogo honetan be, dei zabala egin nahi deutsuegu ahobizi edo belarriprest modura parte hartu daizuen; ilusinoa berreskuratu behar dogu eta Euskaraldi indartsu bat lortu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!