Bilbo '30 Uria' da gaurtik aurrera

Bizkaie! 2020-09-22 13:24   Pil-pilean

@conocebilbao.conesme-k irabazi dau Ibiltariaren Saria.

Bizkaiko uriburua da 300.000 biztanle baino gehiagoko lehen uria munduan trafikoaren abiadurea uri osoan mugatzen dauena 30 km/h ezarrita gehienezkotzat. Trafikoa baretu nahi da, gidatzeko ohiturak aldatu eta ingurumenaren gaineko presinoa gitxitu (bai airearen kutsaduran, bai kutsadura akustikoan).

Azterlan askoren arabera, gehienezko abiadurea 30 km/h dan eremuetan, istripuen tasa orokorra % 15 eta % 30 bitartean murrizten da eta istripuen larritasuna murriztu egiten da % 50era arte.

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Alfonso Gil alkateorde eta Mobikortasun eta Jasangarritasun Saileko zinegotziak gaur emon dabe jakitera barria Bilbo, nire kotxe barik! egunean, hain zuzen be.

2018ko garagarriletik, Bilboko kaleetako % 87an, baegoan gehienezko abiaduera mugatuta, 30 km/h ezarrita gehienezkotzat baina orain neurri hau uri osora zabaldu da.


Ibiltariaren Saria

2020ko Ibiltariariaren Saria emon dabe aurten be. Europar Mobikortasunaren Astea hain birtuala izan dalarik aurten pandemiaren ondorioz, Bilbao, ay cómo has cambiao!, @bilbaocambiao (42.000 jarraitzaile baino gehiago ditu Facebooken), Conoce Bilbao con Esme @conoce_bilbao_con_esme (10.000 jarraitzaile baino gehiago ditu Facebooken eta ia 4.000 Instagramen), Me gusta Bilbao Bilbo @MGBilbo (ia 75.000 jarraitzaile Facebooken) eta Bilbao en construcción @bilbaoenconstruccion (7.000 jarraitzaile daukaz Facebooken eta 2.000 baino gehiago Instagramen) izan dira hautagaiak.

Irabazle, barriz, Bilboko 2020 EMAn laguntzaile izan diran irrati-etxeen entzuleek hautatu dabe (irrati etxeen zerrendea). Eta entzule agurgarriek emon daben epaia izan da 2020ko Ibiltariaren Saria @conoce_bilbao_con_esme-ri emotea.


@conoce_bilbao_con_esme

2013an edegi eban profil hori Esmeralda Hernandok. Ganera, Bilbori buruzko hiru liburu idatzi ditu eta hainbat komunikabidegaz kolaboretan dau.

Bilboko ohiko ibiltaria dogu Esmeralda eta bere Pildoritas de Bilbao izenburuko liburuetan istorioak edo susedidoak (Bilbon bertako azentuko gaztelaniaz esaten dan bezela) azaltzen ditu, modu atseginean, sinplean, berbakera argian eta, batez be, Bilbo bihurtu dan uri handia eregiteko oinarria izan zan iragan hori erakusteko gogo biziz kontautakoak.

Esmeralda Hernando egileak sare sozialetako profiletan zein argitalpenetan, bere uriko txoko eta sekretuak ezagutarazo eta irakurle bakotxa bilbotar sentimenduan, tradizinoetan sartu daitela gura dau, harrotasunaz kutsatu eta bere nortasunaz busti daitela.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu