Nobedabeak ugari Bilboko Udal Txistulari Bandearen denporaldi barrian
2020-09-22 10:08 Musikea2020ko lau kontzertuak Euskal Museoko klaustroan izango dira.
Bilboko Udal Txistulari Bandeak 2020-2021denboraldirako atondutako kontzertu denporaldi barria aurkeztu dau, denboraldi berezia, nobedadez beterikoa. Okasino honetan, 2020an, Garikoitz Mendizabal, Idoia Kareaga, Gorka Zabaleta eta Sabin Bikandi txistulariek eta Asier García perkusino-atabaleroak hilero kontzertu bat eskainiko dabe eszenatoki barri batean: Euskal Museoko klaustroan (sarrera Unamuno Plaza), hain zuzen be. Sartzea doban da eta kontzertuez gozau gura dabenek aldez aurretik hartu beharko dabe gonbidapena hemen.
Bestalde, 2021. urtearen hasiereagaz batera, bandea betiko eszenatokira bueltauko da, Euskalduna Jauregira eta hor beste bost kontzertu eskainiko ditu. Gauzak holan dirala, euskal musikea, musika tradizionala, jantza ikuskizunak, kolaborazinoak eta ohorezko gonbidatuak izango dira nagusi.
Denporaldiko lehenengo lau kontzertuak Euskal Museoan Bizi dogun egoera berezi hau girotzeko eta aspalditik jatozkuzan soinu eta jantzak gogorarazoteko helburuari eutsiz, bandeak 2020an lau kontzertu eskainiko ditu irailaren 23an, urriaren 7an, zemendiaren 4an eta abenduaren 18an. Denporaldiko lehen kontzertuko egitarauan zortzikoak, bilbainadak, jantza doinuak eta txistu errepertoriotik hartutako obrak eskainiko ditue: Loriak Udan, Mari Zeli, Boleras, Berdabio, Gona gorria, Eguarteko soinua, I Kontrapasa, Migerlea, Txatxamatxalinatxu, Ereintza, Idiarena, Pello Joxepe, Zangoluze eta Altzega.
Urriaren 7an, txistu eta tanbolin musikea izango da nagusi, izan be, asko izan dira erritmootan oinarrituta obrak sortu dituen musikagileak. Gure tradizinoan erritmo berezi asko ditugu: zortzikoak, ezpata-jantzak, biribilketak, kontrapasak... Baita beste kultura batzuetatik geureganatu ditugunak be; horreen guztien erakusgarri izango da kontzertua. Horretarako, Gorka Zabaletaren zuzendaritzapean, Federico Corto, Raimundo Sarriegi, George Hamel, Pablo Sorozabal, Eusebio Basurko, Santos Intxausti, Jesús María Bilbao, Pablo Sorozabal, Koldo Basabe eta Jose Ignazio Ansorenaren obrak entzungo dira.
Zemendiaren 4an, Garikoitz Mendizabal, Idoia Kareaga, Gorka Zabaleta, Sabin Bikandi eta Asier Garcíak osotutako bandeak ondokoak interpretauko ditu: J.I. Ansorenaren Deika, Pablo Sorozabalen Osio bideko Polka, Joakin Osinagaren V. Tonuko Sonata (J. I. Ansorenaren moldaketakaz), Eduardo Gorosarriren Suitea lau denboratan eta Karlos Santxez Ekizaren Erantzunik gabeko galderak.
Azkenik, urteari amaiera borobila emoteko, 2020. urtea Gabonetako kontzertu bereziagaz amaituko da abenduaren 18an. Kontzertua bitan zatituta egongo da: banda tradizionala eta abesbatza. Era berean, abenduaren 22an, txistulariek beste kontzertu bat eskainiko dabe Enkarnazino eleizan Bilbao Musikako Ahotsak Abesbatza, Miren Bernaolak zuzenduta, eta kontalari bategaz batera.
Bilboko Udal Txistulari Bandea
Gaur egun ondokoak dira Bilboko Txistularien Bandako partaideak: Garikoitz Mendizabal (Zuzendaria), Idoia Kareaga, Gorka Zabaleta, Sabin Bikandi eta Asier García.
Bandeak baditu zazpi disko eta DVD bat kaleratuak: Bilboko Udal Txistu Banda (2004); Alos Quartet Harizko Laukoteagaz Harizko Txistua (2006); Hala ere (2007) Kepa Junkera, Pello Ramírez, Aitor Furundarena, Iñaki Salvador, Marijose Arregi eta Xabi Zabalaren laguntzaz; Bihurrikeritan (2008) txistularien errepertorio birtuosoa batzen ebana; Kantari Gabonetan (2010) Leioako Kantika Koralagaz; Plazan (2014) erromerietako eta jantzaldietako musika-lanakaz; Xabier Zabalarekin Gogoeta eta azkena, X Urte, hamaika lagun (2015) DVDa euren hamargarren urteurrena ospatzeko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!