Urresteiko ertza, Urresteiko ertz ederra

Amaia Larruzea 2020-09-22 08:20   Ibilian-ibilian

Euskal Herriko ertz klasikoetako bat.

Durangotik Elorriorako bidea hartu eta Mendiolako auzoan sartuta, Atxarteko bihotzean egingo dogu bat; bai, harrobi ondoko aparkalekutik, baita goiko aparkalekutik be. Bertan izango dogu guri begira, udea, udagoiena, negua edota udabarria be; horren harro eta horren eder (GPS koordenadak: 43.12264, -2.64243).

Mendian eskaletako materialagaz bat egiteko aukera parebakoa dau Urresteiko ertza, izan be, zailtasun tekniko handi barik, norbere babeserako materiala ikasten hasteko bide erdi ekipatua dogu eta fisureroak, zintak, expresak, sokea eta kaskoa izango ditugu bidelagun. Oso kalidade oneko hatxa da eta 300 metroko ertza V/IV+-ko zailtasunekoa da. Azpimarragarriena V-ko tarte bat da eta azken zatia izango litzateke tentu handienagaz egin beharrekoa, ganerako guztian altuerearen garrantzia kenduta, hatxak itsasgarritasun handia dauelako eta hainbat helduleku on baitagoz.

Euskal Herriko ertz klasikoenetako bat dinot eta historiako liburuetara jo ezkero, 1936. urtera arte helduko ginateke Sopeñaren abenturak deskubriduteko eta Apraizek Urresteiko Ertza topau eta lehenengoz bertako homatzarretatik gora egin eben, lehenengo igoerea izan zan.

Danetara, 7 luze ditu bideak baina orientagarriak dira, norberak moldatu leikezalako gura dauen moduan, zintakaz aukera handiak baitagoz hatxetan bilerak egiteko. Ganera, heltzen garenean, rapel bi egin beharko ditugu bajatuteko, bakotxa 30 metroko luzerakoa.

Bertan goian, Proa hormatzarra ikusi eta bide eta lerro perfekto horreek ezin daitekezala eskalau pentsaauko dogu; bertatik, tontorretik, Atxarteko ikuspegirik ederrenetako bat izango dogu begien aurrean, Astxiki eta Alluitz begira ditugularik. Era berean, goranzko eta beheranzko bideek ez dabe aspertzeko astirik emoten, izan be, hatxez jositako bide tekniko eta ederrak dira, Atxarten bete-betean.

Naturaz tentuz gozetako aukera bikaina, hain zuzen be. V tarte hori da aitagarriena, ganerakoak ez dau zailtasun handirik, halan da be, arriskua ez da sekula desagertzen, hor egongo da beti eta errespetuz begitu behar deutsagu; beraz, ez daigun egoa larregi gizendu eta egin daigun, lehenengoan bada be, konfiantzazko eta eskalada munduan esperientzia handia dauen ezagun edota profesional bat bidelagun hartuta.

Azken buruan, friend-ak erabilteko eta bilerak egiten ikasteko aukera ederra izango dogu, Atxarteko inguruez beste era batera gozauta eta hormatzarretatik gora eginez, Urkiolako Parke naturaleko ikuspegirik ederrenetakoan sartuz.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu