Odei Jainaga: 'Beharra eta esfortzua baloretan ditut'
2020-09-21 08:10 BarriketanJabalina-jaurtitzailea.
Basque Teamen bikaintasun proiektuko kide dan Odei Jainaga (Eibar, 1997ko urriak 14) Espainiako txapelketan nagusi izan zan oraintsu 83,51 metroko jabalina-jaurtiketan. Errekor personala, barriz, 84,10 metroan dauka.
Atletismoaren barruko diziplinea da eta lantzea ahalik eta urrunen bota behar izaten da.
Jatorria ez ei dago zehazterik baina orain milioiak urte sortu ei zan armatzat edo kazan zein arrantzan erabilteko. Hércules izan ei zan lehenengo txapelduna jabalina-jaurtiketan. Gaur egun, atletismoaren barruan dagoan espezialidadea da, aspalditik Joko Olinpikoetan dagoana.
1.- Zorionak Espainiako Txapelketea irabazteagaitik (83,51 metro). Zer sentidu zenduan momentu horretan?
Lehenengo tristurea, poza gerotxuago. Ezustea izan zan, hain urrun botatea ez neban pentsau be egiten eta esan eustienean, sinistu be ez neban egin; jaurtiketearen hegaldia ez zan izan bape ona, zerutik goitik behera zuzenean jausi zan baina entrenatzaileak datua emon eustenean saltoka hastea, besterik ez neban behar, nire errekor personaletik nahikoa hur geratu nintzan, atara kontuak. Helburua horixe zan 85 bueltan edo ibiltea eta, beraz, gustora hartu neban txapelketea irabaztea.
2.- Nondik nora sortu jatzun jabalina-jaurtiketearen munduan sartzeko pasinoa?
Pasinoa baino gehiago, lana, esfortzua baloretan ditut; atletismoan hasi nintzan umetan esperientzia bizitearren eta urteen porasuz diziplinea aukeratzeko ordua heltzen jatzunean, jabalina-jaurtiketea sano polita izango zala pentsau neban. Hamazazpi edo hamazortzi urtegaz bueltau nintzan lesino gogor baten ostean eta gustora sentidu nintzan, indartsu, hobetzeko jarrereari eutsiz beti; jabalina-jaurtiketeari ekin eta berehala 69 metroko jaurtiketea egin neban, gitxienekoa mundialerako, ezin sinistuta nengoan baina aurrera egiteko gogoz nenbilen.
3.- Euskaldun bakarrenetakoa izango zara espezialidade honetan. Zeintzuk dira zure ereduak?
Ez naz ereduzalea baina alemaniarrak oso onak dira, goi-goian ikusten ditut eta, batez be, teknikea, estrategiak eta begituten eta aztertzen dodaz, nirea zelan hobetu pentsetan dot beti eta hor ibilten naz. Urteko bolada ezbardinetan, ordu gehiago edo gitxiago emoten dodaz entrenamentuetan baina erreferentzia lez izan daizun, lau ordu be egin neikez; udan gitxitxuago, pare bat ordu edo.
4.- Jabalina-jaurtiketan nork irabazten dau, jabalinearen puntea lurrean ez bada sartzen baliobakoa da ahalegina?
Irabazten dau jabalinea ahalik eta urrunen bialtzen dauenak. Lantzearen puntea lurrean sartzea ez da nahitaezkoa, sartu barik geratzea baliozkoa da.
5.- Ezkerreko edo eskumako besoagaz jaurtiten da jabalinea? Zelakoa da jabalina-jaurtiketako prozesua?
Arauak ez dakar holakoetarako argibiderik. Normalean eskumakoagaz egiten da jaurtiketea baina bateren bat, ezkertiarra bada, ezkerreko besoa erabiliko leuke, ezelako arazo barik.
Prozesuari jagokonez, hankak kurutzatuta, abiadea hartzen dozu jabalinea eskuan dozula tarte jakin batera heldu arte, hortik aurrera, hanketatik garrira eta hortik besora bialtzen da indarra eta azken momentuan jabalinea jaurti, besterik ez. Jaurtiketa ona egiteko abiadurea, indarra, koordinazinoa eta elastikotasuna behar dira.
6.- Finlandiarrek askatasun sinbolotzat dabe jabalinea. Zuretzat zer da jabalina-jaurtiketea?
Finlandiarrek jabalinea maite dabe, kulturearen eta tradizinoaren barruan daben gauzea da eta hor ez dago dudarik. Oso errotuta dago.
Niretzako, barriz, jabalina-jaurtiketea kirola da, nire beharra eta holakotzat hartzen dot.
7.- Atletearen pisuaren arabera ba al dago kategoriarik jabalina-jaurtiketan?
Ez. Zoritxarrez edo zorionez ez dago holakorik jabalina-jaurtiketan, 100 kiloko laguna eta 75ekoa kategoria edo multzo berean lehiatuko dira; prototipo bat baino gehiago dagoz eta ikaragarria emoten badau be, indartsuena edozein izan daiteke. Txikiak azkarragoak dira, handiak ustez indartsuagoak baina kopla
barik jabalinea jaurtitea, besterik ez dago.
8.- Gizonezkoetan, lehiako jabalinea 260-270 zentimetrokoa izaten da, 25-30 milimetroko lodierea alderik potoloenean eta gehienez 800 gramo izaten dau. Emakumezkoetan txikiagoak izaten dira aitatu datuok. Kasik kiloko lantzea da jaurtiten dozuena, broma gitxi...
Bai, homologautakoak dira eta gorabeherak izan daitekezan arren, hortxe bueltan dabiz datuok. Pisuagaz arduratzen da jentea baina 800 gramo baino pisutsuagoak be badagoz eta kontuan hartu, praktikeak balio dauela, jaurtiketa piloa egiten doguz eta errutinea dala guretzako.
9.- Jan Železný txekiarrak gizonezkoen markarik onena ezarri eban 1996an: 98,48 metro. Astokeria emoten dau baina marka horretara heltzeko 15 metro edo falta jatzuz. Zein da zure erronkea, 2021eko garagarrilaren 23tik abuztuaren 8ra arteko Tokioko Joko Olinpikoetan parte hartzea?
Lekutan dago txekiarraren markea baina itsutu barik, apurka-apurka joatea da onena; orain 24 urte ezarritako markea da eta kostako da gainditzea, munduko marka hori ez dau edozeinek gaindituko eta erreferentzia moduan erabilteko ona da guretzako.
Bestetik, datorren urteko Tokioko Joko Olinpikoak aitatu dozuz eta niretzako lehiatzen joatea erregalua izango litzateke, urteetako beharraren ondorioa; kontua da ze hara joateko txartela falta jatala, lesinoaren ostean, polito ibili naz aurten baina badago astia entrenetan, txapelketetan parte hartzen eta puntuak irabazten joateko; aurten pentsetan neban World Ranking edo zerrendan sartuta erraza edo izango zala baina beharrean segidu beharko da, oraingoz itxaropentsu nago.
10.- Hércules izan ei zan lehenengo txapelduna jabalina-jaurtiketan. Arma bat, kazarako eta arantzarako tresnea...
Kirol jarduera gehienak egunerokotasunean oinarritzen dira eta kontu historikoak eta mitologikoak ez dodaz nik larregi gogoan hartzen; Herculesen pasadizo horren barririk ez neukan baina bitxia da. Jabalinea lantza bat da eta armatzat erabiltea, zergaitik ez eta kazarako edo arrantzarako be baliogarria izan
daiteke.
11.- Basque Team-eko bikaintasun proiektuko kide zaitugu eta zeozelan babestuta ikusiko dozu zeure burua...
Bai, duda barik. Erresidentziari esker, Getxoko, Fadurako instalazinoak erabili neikez, landa zabalak behar izaten dogu jaurtiketak egiteko eta han gustora ibilten naz. Gimnasioa, fisioa eta eskura ditut eta oso garrantzitsua da hori kirolariontzat.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!