Enkarterriko Museoak astegoienean ekingo deutse dobako bisita gidatuei
2020-09-18 10:52 KultureaGidariek Abellanedako eraikinen zehetasun historiko eta arkitektoniko guztiak azalduko ditue.
Enkarterriko Museoak asteburu honetan ekingo deutso barriro Abellanedako moltso monumentalak gordeten dituan altxorrak erakusteko dobako bisita gidatuen programeari. Aurretik hitzordua eskatuta egin beharko dan bisitearen bitartez, Enkarterrin dagoan museoko gidariek leku horretako eraikin historikoen gorabehera guztiak azalduko ditue: Batzarretxea, Korregidorearen Etxea, Batzarkideen Ostatua eta Aingeru Zaintzailearen baseleizea, baita goi-lautadea kostaldeagaz lotzen eban errege galtzadea be.
Bisitea, segurtasunezko neurri guztiak jarraituta egingo da eta topalekua Enkarterri Museoa izango da, Abellanedan, Sopuertan dagoan museoa; txanda bi antolatu dira iraileko eta urriko lau egunetan (irailak 19 eta 27 eta urriak 11 eta 17): goizeko 10:30ean euskeraz eta 12:15ean gaztelaniaz. Bisitak ordubetekoak izango dira. Jarduerea egiteko beharrezkoa izango da gitxieneko partaide kopuru jakin bat egotea.
Bisitariak Abellanedaren jatorriaren eta leku horretan biztanleak ezarteko prozesuaren faseen ganeko azalpenak jasoko ditu. Abellaneda familiaren sustraietan sakonduko da. XI. mendetik inguru horretan bizi izan zan nobleziako familiak Enkarterriko Batzar Nagusiak bultzatu zituan. Ibilbidean errege galtzadara hurreratzeko tartetxu bat be egongo da; eskualdeko merkataritzako ardatza izan zan, biztanle kopuruaren hazkundea bultzatu eban elementu nagusia. Erdi Aroan Abellanedan izan ziran jazoera nagusiak aztertu ostean Aro Modernora helduko gara. Sasoi horretan eregi ziran moltso monumentaleko eraikin enblematikoenak.
Bizkaiko Batzar Nagusiak jaube dan Enkarterriko Museoak joan dan bagilaren 2an edegi zituan ateak jentearentzat, Covid-19a dala eta aldi baterako zarratzea agindu aurretik indarrean egoan ordutegi beragaz. Abellanedako Batzarretxean (Sopuerta) dagoan Enkarterriko kulturgunea, beraz, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara egongo da zabalik martitzenetik zapatura (garagarrilaren 1etik aurrera, arratsaldeko ordutegia 17:00etatik 19:00etara izango da) eta domeketan eta jaiegunetan 10:00etatik 14:00etara.
Museoa bisitetan dabenek Antonio de Truebaren bizitzan eta lanean be sakondu ahal izango dabe, aldi baterako Antonio Trueba (1819-1889). Bizkaiko Kronista erakusketeari esker.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!