‘Euskerea ikasteko zure formulea’ lemapean dator kanpaina barria

Bizkaie! 2020-09-17 12:21   Euskerea berbagai

EAEko 101 euskaltegiek inoizko eskaintzarik malguena eta seguruena jarri dabe ikasleen eskura.

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzako bozeroaileak 2020-2021 ikasturterako euskaltegien matrikulazino kanpaina barria aurkeztu dau gaur, Gasteizko AEK Zadorra Euskaltegian; Euskerea ikasteko zure formulea da aurtengo kanpainearen lemea, euskaltegiek ahalegin handia egin dabelako ikasleei malgutasunik handiena eta eskaintzarik zabalena errazteko. Era berean, Euskadiko euskaltegien sarea koordinetan dauen HABE erakundeak eta euskaltegiek apustu sendoa egin dabe osasun eta segurtasun baldintzak bermatzeko, ikasleak seguru sentidu daitezan ikasprozesuan.

Sailburuagaz batera, aurkezpenean parte hartu dabe AEKko ordezkari Iñaki Urkijok eta Ainhoa Zamarreño AEK Zadorra Euskaltegiko ikasleak. Era berean, ekitaldira hurreratu dira Eusko Jaurlaritzako, aldundietako eta uriburuetako udaletako ordezkariak zein EUDEL, UEMA eta euskaltegien ordezkariak be.

Ikaslea erdigunean jarri eta inoizko eskaintzarik malguena jarri da herritarren eskura. Helburua da ikasleak seguru sentidutea, eroso eta erraztasun guztiak izatea euskerea ikasteko prozesuan. Ikasleek doban ikasi ahal izango dabe B2 mailara arte, asistentzia bermatzen badabe eta mailea gainditzen badabe. Beraz, euskerea ikastea segurua, erosoa, malgua eta, kasurik gehienetan, dobakoa izango da, adierazo dau Zupiriak.


Malgutasuna

Covid-19ren eraginez sortutako ez-ohiko egoereari erantzuteko eta osasun-neurriak kontuan hartuta, ikastaro ez-presentzialei eta mistoei leku handiagoa emongo jake ikasturte honetan, holan errazago bete ahal izango diralako osasun eta segurtasun neurriak. Lau eratako ikastaroak eskainiko dira, baina horreen barruan malgutasun handia eskainiko da: ASurrez aurreko ikastaroak eskainiko dira, beti be segurtasun baldintza guztiak bermatuz ikasgeletan; jardun biko ikastaroak be eskainiko dira, aurrez aurreko jarduna zein ez-presentziala buztartuz. Hirugarrenik, autoikaskuntzan oinarritutako ikastaroak eskainiko dira, inoiz baino aukera gehiago eskainiz norberaren ordenagailutik ikasteko. Azkenik, bideokonferentzia bidezko taldeak osotuko dira, ikasgela birtualen bitartez eta irakasleen laguntzinoa eskainiz. Talde eta ordutegi finkoetan eskainiko dira.

Horrezaz gan, barnetegiak eskainiko dira, bai eta talde eta enpresentzako ikastaro berezituak be.


Osasun neurriak

Euskaltegi guztiek osasun neurriak bermatuko ditue Covid-19ari aurre egiteko. Euskaltegi bakotxak bere kontingentzia plana gauzatuko dau, osasun arau guztiak betez. Helburua da ikasleak lasaitasunez joatea euskaltegietara eta, ahal dalarik, ikastaro presentzialak egitea. Eskaintzea malgua izango da, ikasleak dituan preminen araberakoa, baina lehentasuna izango da irakaskuntza presentziala sustatzea, eraginkorrena dalako.


Dobakotasuna

Ikasleak euskerea eraginkortasunez ikasten badau eta mailea gainditzen badau, matrikulearen diru-laguntzea jasoteko aukerea izango dau. Eusko Jaurlaritzeak zein gainerako erakundeek egingo daben ekarpenari esker, euskerea ikastea dobakoa izango da B2 mailara arte, beti be ikasleek baldintza biak beteten baditue: % 75eko asistentzia eta B2 mailara arte jagoken mailea gainditu (ikasprozesuan aurrera egin).

Eusko Jaurlaritzeak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek eta EUDELek aspaldi eben hartua konpromiso hori eta azken urteotan alkarlanean ibili dira gauzatzeko. Urte hasieratik baldintzak beteten dituen ikasleek euskerea doban ikasiko dabe B2 mailara arte. Dobakotasun eredu hori lortu ahal izateko, erakunde bakotxak ekarpenak egingo ditu, danetara ia lau miloe euro jarriz (3.928.000 euro). Eusko Jaurlaritzeak 3.000.000 euro jarriko ditu aurten (igaz baino 525.000 euro gehiago; 2018an baino 1,2 miloe gehiago); Arabako Foru Aldundiak, 185.000 euro; Bizkaiko Foru Aldundiak, 480.000 euro; Gipuzkoako Foru Aldundiak, 42.000 euro; azkenik, udalek 221.000 euro. Ekarpen horreez gan, erakundeek bestelako diru-laguntzak emongo ditue C1 eta C2 mailetako ikasleentzat (Jaurlaritzaren kasuan, esate baterako, beste 150.000 euro), baina kasu horreetan ezin izango da bermatu erabateko dobakotasuna.


Ikasleak

2019-2020 ikasturtean, 36.808 ikaslek emon eben izena Euskadiko Autonomia Erkidegoko 101 euskaltegietan, aurreko ikasturtean baino 1.284 ikasle gehiago eta azken urteotako kopururik altuena. Igazko ikasturtean matrikulautako ikasleen % 66,13 emakumezkoak ziran, eta % 33,52 gizonezkoak. Ikasleen bataz besteko edadea 38,77 izan zan. Kontuak kontu, azken urteotako jokereari eusten jako, danetarik dagoan arren, ikasle askok, batez be gazteek, maila altua dabe, eta euren helburua euskerea hobetzea izaten da.


Euskaltegiak

Euskadiko Autonomia Erkidegoan 101 euskaltegi dagoz, 62 pribatuak dira eta 39 publikoak (udalen menpekoak). Eusko Jaurlaritzearen HABE erakundea arduratzen da horreek danak koordineteaz. Era berean, ikasleei bakarrik ez, euskaltegiek be hartzen ditue: Aurten 22.158.000 euro bideratuko ditu euskaltegi pribatuetara eta 12.810.000 euro publikoetara; danetara, 34.968.000 euro (igaz baino 1.594.000 euro gehiago).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu