Umorea ezinbesteko baliabidea da irauteko eta eusteko

Bizkaie! 2020-09-16 08:10   Kulturea

XI. Ja!, urriaren 2tik 11ra.



Bilboko Filarmonika Aretoan egingo da Ja! jaialdiaren hamaikagarren edizinoa, entzunaretoaren edukia % 60 murriztuta. protagonistek argi utziko dute irribarre eta barre-algara ere egiteko arrazoi ugari daudela, 2020 pandemiko honetan. Juan Basek zuzentzen du Umorezko Literaturaren eta Artearen Nazioarteko
Jaialdia, eta aurten, urriaren 2tik 11ra izango da. Hainbat hitzaldi, elkarrizketa eta proiekzio antolatu dira, topaketaren jatorrizko helburua betetzeko asmoz: aldarrikatzea adimena, zibilizazioa, kultura, askatasuna eta bizipoza adierazteko modua dela umorea.

Lehenengoz eta egoera bereziak eraginda, Ja! jaialdiaren egitaraua Filarmonika Aretoan erakutsiko da, Bilboko Alkarte Filarmonikoaren egoitzan. Filarmonikoaren ganbera-aretoa Europako zaharrenetako bat da. 1904an eregi eben Fidel Iturriak eta orain gitxi barriztau dabe.Danetara, 910 ikusle hartu leikez baina % 60 murriztuko dau edukierea, Covid-19aren prebentzino-neurriak beteteko eta bertaratuentzako espazio erabat segurua lortzeko.

Aitatu helburuari eutsiz, beste hainbat neurri ezarriko dira: jesarlekuak hiruzuloka antolatu dira; sarrera-ate guztiak edegita egongo dira beti, kontaktua ahalik eta txikiena izan daiten; megafonia bidez azalduko da aretotik urtetako modua, ahalik eta modurik ordenatu eta seguruenean egin daiten; eta saio bikoitxa dagoan egunetan, atsedenaldia ohikoa baino luzeagoa izango da (45 minutu), desinfektetako denpora nahikoa egon daiten. Era berean, behin aretora sartuta, bertaratuek ezingo dabe musukoa kendu, eta liburuak areto handian sinatuko dira, jagokonn segurtasun-tarteari eutsita.


Egitaraua

Inaugurazinoa urriaren 2an izango da Euskal Museoan eta arratsalde horretan bertan emongo jako hasierea jaialdiari. Dario Adanti komikigile argentinarra eta Alba Carballal idazlea, umorearen profesional bi, epidemiaren erdian aurrera joakun uri urduri horren gainean egingo dabe berba: Alkarrizketearen izenburua El humor en la pandemia da. Hurrengo egunean, Carlos García Gual eta Berta Vias Mahou literatoek hartuko dabe parte eta mitologia izango dabe ardatz, umorez, ironiaz edo sarkasmoz betetako arlo bat, hain zuzen. Entzuleei ikusarazoko deutse jainko-jainkosek eta personaia mitologikoek txantxak eta, oro har, olgeta gustuko dituela. Ondoren, zapatuan bertan, Martín Caparrósek eta Aixa de la Cruzek konfinamendu luzean  umoreak izandako rola jorratuko dabe, izan be, produktu kulturalen (liburu, film zein musika) konsumoa itzel igon zan itxialdian.

Eta Ja! jaialdiaren hamaikagarren edizinoari amaierea emoteko, Ines París zinemagile eta gidoilariak (A mi madre le gustan las mujeres; Semen, una historia de amor; La noche que mi madre mató a mi padre) haren gustuko filmak aurkeztuko deuskuz eta gogokoen dituan umorezko hamar sekuentziez berba egingo dau Juan Basegaz. Aurreko zazpi edizinoetan, Fernando Trueba, Isabel Coixet, Pedro Olea, Imanol Uribe, Borja Cobeaga, Pablo Berger eta David Trueba zuzendariek euren sekuentziarik gustukoenak azaldu euskuezan.

Egitarauaren zehetasunetarako begitu hemen.


Erakusketea eta aurrekariak


2020 arraro honetan, umorea eta erresistentzia izango dira jaialdiaren gai orokorra eta, esangura horretan, Asier Sanzek marraztutako kartel ofizialean, Noeren ontzia ikusi geinke, erresistentziaren irudia, hain zuzen eta Ja! jaialdiak bertan nabegetan dau, bidea argituz eta traba guztiei aurre eginez. Sanz da, hain zuzen be, aurtengo arte-erakusketearen protagonistea. Urriaren 15era arte, haren karikatura originalak Bilboko Metroaren hiru geltokitan ikusgai izango ditugu: Moyua, Abando eta Alde Zaharra.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu