Nekane Balluerka: 'UPV/EHUk lidergoari eusten deutso euskal unibersidade hezkuntzan'

Bizkaie! 2020-09-14 07:55   Pil-pilean

EHUren 2020.2021 ikasturte akademikoaren hasierea gaur, hilak 14.

Bilbon, Abandoibarrako Bizkaia Aretoan, Iñigo Urkullu Lehendakariak, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuarekin batera, Euskal Herriko Unibertsitatearen 2020-2021 ikasturte akademikoari hasierea emongo deutso.

Saioa hasteko, aurreko ikasturteko memoria irakurriko da; ondoren, UPV-EHU eta COVID-19a: ikaskizunak eta etorkizunerako erronkak edegite-berbaldia irakurriko dau irakasle talde batek.

Ondoren, COVID 19 pandemiaren kontra lan egin daben eta lan egiten daben osasun-profesionalak autortzeko ekitaldia egingo da.

Azken buruan, Nekane Balluerka EHUko errektoreak eta Lehendakariak hartuko dabe berbea.


Egitaraua:

  • 2019-2020 ikasturteko memoriaren laburpena, Unibersidadeko idazkari nagusi Pedro Iriondo jaunaren eskutik.

  • Ikasturte hasierako berbaldia: UPV/EHU eta COVID-19a: ikaskizunak eta etorkizunerako erronkak, hurrengo doktoreek eskainia:

    • Inmaculada Arostegui andrea, Matematika Zientzietan doktorea.
    • Gorka Orive jauna, Farmazian doktorea.
    • Juan José Unzilla jauna, Informazinoaren eta Komunikazinoen Teknologian doktorea.
    • Mari Luz Esteban andrea, Gizarte Antropologian doktorea.
    • Sara de la Rica andrea, Ekonomian doktorea.

  • Osasungintzako profesionalei gorazarre. Ordezkariak:

    • Julia Barroso andrea, UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultadeko irakaslea.
    • Joaquín Durán jauna, UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultadeko irakaslea.

  • Unibersidadeko errektore Nekane Balluerka andrearen berbaldia.

  • Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullu jaunaren berbaldia.

  • Musika emonaldia.



Nekane Balluerka

Balantze positiboa egin dau Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibersidadeko errektoreak gaur, 2020-2021 ikasturteari hasierea emoteko Bilboko Bizkaia Aretoan egindako ekitaldian. Hiru campusetan jarraitu ahal izan dabe ekitaldia, streaming bidez.

Errektorearen eretxiz, EHUk gure herrialdeko goi mailako hezkuntzearen lidergoari eusteaz gan, bere posizinoa hobetu dau nazinoarteko unibersidadeen artean. Agintaldi honetan, UPV/EHUk aurrerapen nabarmenak lortu ditu arlo askotan.

Irakaskuntzearen arloan, euskal unibersidade publikoak nabarmen indartu ditu Erasmus Mundus kalifikazinoa daben masterrak, titulu bikotxak eta prestakuntza daualeko graduak. Tituluak gehitu deutsoz eskaintzeari eta beste bi zentro atxiki jakoz. Ikerketearen eta transferentziaren arloan, barriz, igoera nabarmena emon da funtsak batzeko prozesuan eta artikulu zientifikoak be asko ugaldu dira nazinoarteko argitalpen prestigiotsuetan.

Gradu kopuruari jagokonez, UPV/EHUk 2020-2021 ikasturtean 103 gradu eskainiko ditu, tartean ondoko barrikuntzak: osorik ingelesez dan gradu bikotx bat, Business + Economics; eta beste hiru gradu bikotx. Guztira, 34.000 ikasle baino gehiagok gradu ikasketak egingo ditue UPV/EHUn ikasturte honetan; horreetatik, 1.462 ikasle gitxienez lauhileko bat egingo dabe mundu osoko unibersidaderen batean, eta  lehen lauhilekoan atzerriko eta Estaduko unibersidadeetako 403 ikaslek gure unibersidadean ikasiko dabe. UPV/EHUk 1.500 hitzarmen baino gehiago daukaz bost kontinenteetako 51 herrialdegaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu