Ikastetxeetan Euskaraldia lantzeko material didaktikoa aurkeztu dabe
2020-09-10 13:00 Euskerea berbagaiIkastolen Alkarteak, Gipuzkoako Urtxintxak eta Irrien Lagunak-eko kideek parte hartu dabe materialaren sorkuntzan.
Euskaraldiko unidade didaktikoen aurkezpen publikoa egin dabe gaur goizean Koldo Mitxelena Kultur Gunean. Euskaraldiak hezkuntza komunidadearen jardunean hizkuntza ohiturak lantzeko eskaintzen dituan aukerak azpimarratu eta euskerearen erabilerea dinamizetako ume eta nerabeen garrantzia nabarmendu dabe prentsaurrekoan eragile guztiek. Agerraldian, Arrate Illaro Euskaraldiko koordinatzaile nagusiak, Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, Mikel Arregi Nafarroako Gobernuko Euskarabidea euskerearen Institutuko zuzendariak eta Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko presidenteak hartu dabe parte material didaktikoen sorreran partaide izandako eragileakaz batera: Ikastolen Alkarteko Unai Arellano, Gipuzkoako Urtxintxa eskolako koordinatzaile Maite Asensio eta Irria alkarteko Garazi Urrosolo. Agerraldian izan dira, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Bardintasunerako foru zuzendaria eta Edurne Otamendi Donostiako Udaleko Euskera Zerbitzuko arduraduna.
Euskerearen erabilerea bultzatu eta hizkuntza ohituretan eragiteko helburuari eutsiz, hezkuntza formalak euskerearen garapenean dauen zeregina nabarmendu dau Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordeak.
Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko presidenteak adierazo dauenez: 'esparru ez-formala Hezkuntzan egiten dan lanaren ezinbesteko osogarria da. Esangura horretan, aurtengo Euskaraldian erakundeen lanketan ume eta gazteei zuzendutako eskaintzea daben eragileen garrantzia azpimarratu dau.
Ikastolen Alkarteak, Irrien Lagunek eta Gipuzkoako Urtxintxa eskoleak atondu ditue Ume Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, Batxilergoan eta Lanbide Heziketan euskerea lantzeko unidade didaktikoak. Materiala hezkuntza sare osoan erabili ahal izateko itxi dabe eskuragarri Euskaraldiko webgunean.
Unitate didaktikoak 3 fasetarako dira
• Lehena, Euskaraldia baino lehen (irailetik zemendiaren 20ra). Euskaraldia girotu, egitasmoaren kontzeptuak ezagutu eta bigarren edizinoaren zabalkundea sustatzea dau helburu fase honetarako proposamenak.
• Bigarren fasea Euskaraldiak iraun bitartean egingo da (zemendiaren 20tik abenduaren 4ra). Euskaraldiaren ariketeari eutsi, bidean ager daitekezan traba eta konponbideak aztertu eta hizkuntza-ohituren inguruan gogoetea aktibetako diseinauta dago unidade didaktikoaren etapa hau.
• Hirugarren fasea Euskaraldiaren ondoren gauzatuko da, abenduan. Ariketeak iraun bitartean bizitakoa dau oinarri eta hizkuntza portaera emonkorrak sustatzeko jarduerak osotzea dau helburu atal honek.
Unai Arellano, Ikastolen Alkarteko ordezkariak azaldu dauenez, unidade didaktiko horreek lantzeko eskoletan irakasle zein ikaslez osotutako talde dinamizatzailea osotzea proponidu dabe. Euskeradinamizatzaileak izena emon deutsee sustatzaile taldeei eta unidade didaktikoetan agertzen diran jarduerak bideratzea izango leukie helburu.
Gipuzkoako Urtxintxa eskolako koordinatzaile Maite Asensiok hizkuntza praktiken aldaketan umeen rol aktiboaren garrantzia azaldu dau: unidade didaktikoek ume eta lehen hezkuntzan eragin handia izan leikiela esan dau.
Irrien Lagunak elkarteko Garazi Urrosolok adierazo dauenez, ahalegin berezia egin dabe unidade horreek hezkuntza ez-formalera egokitzeko, umeakaz modu ludiko eta erakargarrian jarduteko aukerea emoten dauelako horrek. Asmo horri eutsiz landu dabe Irria aldizkariaren ale monografiko bat aurten. Aldizkaria Lehen Hezkuntzako unidadeetan txertatu da tresna pedagogiko osogarri legez.
Aldizkaria 2 eta 8 urte bitarteko umeei zuzenduta egongo da eta 4 atal izango ditu
• Lagun: Miren Amuriza eta Eider Eibarrek eginiko 2 orriko komikia izango da eta atal hau erabiliko da ikasleei Euskaraldia lehen aldiz hurreratzeko.
• Txoko Txiki Kuttuna: Miren Agur Meabe eta Eider Eibarrek eginiko olerkien bidez, gaian sakontzeko aukerea izango dabe umeek.
• Ume kantuak: Joseba Poncek Katxiporretaren abesti bat ilustrau dau atal honetan eta Euskaraldiko kontzeptuen hurrerapen ludikoa izango da.
• Pirritx, Porrotx eta Marimotots: Txakur Gorria kolektiboak eta Bikainek eginiko 4 orriko ipuina da eta honen bidez, ariketearen barri emongo jake umeei.
Euskaraldiko aurtengo barrikuntzea be aurkeztuko dabe atal honetan: Arigunea.
Aldizkaria urrian kaleratu eta Euskal Herriko ikastetxeetan zabalduko da Kutxa Fundazinoagaz eginiko alkarlan bati esker.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!