Martxan da Bilboko Udal Musika Bandearen 'Oroitzapenaren Soinua' denporaldi barria

Bizkaie! 2020-09-10 11:54   Musikea

Udal Musika Bandearen denporaldia irailaren 11tik 2021eko apirilaren 29ra izango da.

Bandearen 125. urteurrenean, denporaldia lau antzeztokitan izango da: Azkuna Zentroa, Arriaga Antzokia, Euskalduna Jauregia eta Bilboko Juan Crisóstomo de Arriaga Kontserbatorioa. Danetara, 14 jarduera izango dira.

José R. Pascual-Vilaplana zuzendari titularrak zuzenduko dau denporaldia 6. urtez jarraian. Halan da be, bestelako zuzendari gonbidatuak be izango dira: Fernando Velázquez, Alberto García Espina, J. Vicent Egea, Iker Sánchez, Hilario Extremiana, Norbert Nozy eta Joxe Migel Etxebarria Urzain, IV. Zuzendaritza Orkestralaren Topaketen irabazlea. Urtarrilaren 12tik 15era egingo diran V. Topaketetan Bert Appermont zuzendari eta konpositore belgikar ezagunak jardungo dau irakasle gonbidatu legez.

Denporaldiko errepertorioan hirurogeita hamar izenburu baino gehiago nabarmentzen dira, besteak beste, Espainiako estreinaldi batzuk eta erabateko hiru estreinaldi, Ruper Leukek, José R. Pascual-Vilaplanak eta Musikeneko Konposizio Sailak idatziak.

Bilboko Udaleko Kultura Zinegotziak, Gonzalo Olabarria; Bilbao Musikako Zuzendari Kudeatzaileak, Ana Madariaga eta Bilboko Udal Musika Bandako Zuzendari Titularrak, José R. Pascual-Vilaplana eta Iñaki Urkizu Zuzendariordeak gaur goizean bertan aurkeztu dabe Bilboko udal musika Bandearen 2020-2021 denporaldi barriko kontzertu programea.


Oroitzapenaren Soinua obrearen estreinaldia Azkuna Zentroan

Denporaldi barriko lehenengo bi kontzertuak Azkuna Zentroan izango dira irailaren 11n eta 25ean, biak 19:00etan. Lehenengoan Erroetako soinu-oroitzapena, Abraham Cupeiro bakarlariak bidaia bat eskainiko deutse ikusleei, garai batean kontinente bakar batean batuta egon ziran kultura eta lurraldeen antzekotasunak eta desbardintasunak ikusteko, Pangea, gure planetako soinu-paisajea lemapean.José R. Pascual-Vilaplanak berak zuzenduko dau kontzertua.

Bigarren jardunaldia Jantzearen oroitzapena Joxe Migel Etxebarria Urzain zuzendari gonbidatuak zuzenduko dau, V. Topaketen irabazlea, hain zuzen be. Bertan Hesketh, Mcallister, Guridi, Penders eta Sheldonen obrak entzungo dira.


Arriaga Antzokira eta Euskaldunara bueltea

Aurten, nobedade legez, aitatu kontzertu bi horreen ostean, Bandearen 125. urteurrena dala eta, 2020. urtean zehar orkestrearen lehen agertokia izan zanera bueltauko da, izan be, hortxe lehenengo kontzertuak eskaini zituan. Holan, urritik abendura programautako kontzertuak antzoki horretan izango dira.

Lehenengo kontzertua urriaren 7an izango da, eguaztena, 19:30ean. Eskerrik asko izenekoan José R. Pascual-Vilaplana zuzendariak, Rubén Simeó tronpeteagaz batera, bandako 45 musikariak zuzenduko ditu, Arban, Sandoval, Buxtehude, Camphouse eta Jager artista nagusien obrez osoturiko kontzertuan.

Azkuna Zentroan eta Arriaga Antzokian jardun ondoren, Musika Bandea bere eszenatoki nagusira lekualdatuko da, hau da, Euskalduna Jauregira. Hemen, kontzertu guztiak domeketan izango dira 12:00etan.

2021eko lehenengo kontzertua, Maskarak urtarrilaren 24an izango da eta Jordi Ripoll Bandearen fagot bakarlariak hartuko dau parte; beste batzuen artean, honakoak entzun ahal izango dira, Ivesen The Circus Band, Stravinskyren A Circus Polka, Gouleten A Bassoon Circus, Dvoraken Karneval, koncertní ouvertura op.92 eta Heskethen Masque.


125. urteurren aparta

Musika Bandeak ezin hobeto ospatuko dau 125. urteurrena. Nazioarteko izarren artean, Bert Appermont konpositore belgikarra nabarmentzen da. Orkestra-zuzendaritzari buruzko V. Topaketetako irakasle gonbidatu legez parte hartuko dau.

Norbert Nozy Belgikako zuzendari entzutetsua be izango da, urte askoan Belgian Guides talde entzutetsuaren titular izan zana.

Taldeko 125 urteotako lana autortzeko asmoa dauen urte honetan, egokia da programan Bandearen munduan lan egin daben euskal zuzendariak izatea eta, esangura horretan, Iñaki Urkizu zuzendariordea eta Pascual-Vilaplana titularra ez eze, Fernando Velázquez, Iker Sánchez, Hilario Extremiana, J. Vicent Egea (La Pamplonesaren zuzendari titularra) eta Alberto García Espina (Barakaldoko udal Bandaren zuzendari titularra) izango dira zuzendari gonbidatu.

Bakarlari gonbidatuen artean, aitatzekoak dira Asier Polo biolontxelo-jole ospetsua, Bilboko taldeagaz lehen aldiz joko dauena eta Rubén Simeó tronpeta-jolea, Arturo Sandoval musikari kubatar mitikoaren Tronpetarako Kontzertuaren bersino bandistikoa estreinauko dauena. Denporaldia amaitzeko, tronpista berezi bat izango da: Juan Manuel Gómez, jaiotzez bilbotarra eta Bartzelonako eta Kataluniako Orkestra Sinbolikoaren bakarlaria. Ohikoa dan bezela, denporaldi honetan udal Bandako irakasleak jardungo dabe bakarlari: Jordi Ripoll fagotisteak, Juanje Silguero flautisteak eta J. Rafael Climent klarinetisteak.

Barriro be, taldea Bilboko Koral Alkarteagaz batera ibiliko da denporaldiaren amaierako kontzertuan eta koru-talde bi izango ditu gonbidatu: Bartzelona Gospel Messengers eta Goizargi Gospel Choir.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu