Euskerazko tesien Koldo Mitxelena Sariaren deialdia egin dabe

Bizkaie! 2020-09-10 09:16   Euskerea berbagai

Bost jakintza arlotan egongo da sari bana.

EHUk eta Euskaltzaindiak urte birik behin antolatzen daben Koldo Mitxelena Sariaren deialdia martxan da. Euskerazko tesirik onenak aukeratzeko sariketearen zazpigarren edizinoa da honako hau, eta hautagaitzak aurkezteko epea irailaren 24an amaituko da. EHUren Erregistro Orokorreko bulegoetan entregau behar dabe hautagaiek eskaera-orria eta tesiaren kopia digitala.

2018ko irailaren 1etik 2020ko abuztuaren 31ra bitartean euskeraz idatzi eta defendidutako tesiek hartu leikie parte deialdi honetan. Europar Tesiak eta Nazinoarteko Tesiak be onartuko ditue, erabilitako hizkuntzetako bat euskerea izan bada. Tesia defendidu dauen doktoreak berak aurkeztu behar dau hautagaitzea.

Bost jakintza arlotan banatuko ditue jasotako tesiak: Artea eta Giza Zientziak; Gizarte eta Lege Zientziak; Osasun Zientziak; Zientziak; eta Injinerutzea eta Arkitekturea. Atal bakotxean irabazle bat egongo da, eta diplomea eta 2.000 euro gordin jasoko ditu.

Urtero 400 tesi baino gehiago aurkezten dira EHUn, horreetatik 40 inguru, euskeraz. Koldo Mitxelena Sariaren bultzatzaileek azpimarratu dabenez, euskerazko tesien ekarpena bikotxa da: alde batetik, jakintzetan sakondu eta zabalkundea egiten dabe; bestetik, euskerearen normalizazinoaren prozesuan laguntzen dabe.

Koldo Mitxelenak (1915-1987) inork baino hobeto landu eban ekarpen bikotx hori. Horregaitik, sariok euskaltzain eta irakasle handi horren izena daroe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu