Bilboko Kalealdian 70 ikuskizun baino gehiago
2020-09-10 08:03 KultureaIrailaren 22tik 27ra egingo dabe kaleko antzerki eta arteen jaialdia.
Kalealdiaren, Bilboko Kaleko Antzerki eta Arteen Jaialdiaren 21. edizinoa atzeratu egin eben osasun larrialdiagaitik, eta irailean egingo dabe azkenean. Kalidadezko eta askotariko programazinoa atondu ahal izan dabela adierazo dau Bilboko Udalak: Nazinoarteko 26 konpainia etorriko dira Bilbora, 70 ikuskizun emotera. Tartean egongo dira 13 euskal talde.
Uriko zazpi espaziotan egingo dira ekitaldiak: Casilda Iturrizar parkean, Arenaleko moilan, Arenalean, Arriaga plazan, Arriaga antzokiaren alboan, Bizkaia Aretoan eta Plaza Barrian. Aurten, ikuskizun guztiak doban izango dira, eta ez dabe karparik ipiniko. Modalidade ugari egongo dira zaleen aukeran: kale-antzerkia, zirkoa, dantza, jantza bertikala, clown-a, musikea eta instalazino eszenikoak.
Estreinaldiei jagokenez, Espainian edo Euskal Herrian lehenengoz ikusiko diran obrak dagoz programazinoan. Barsanti Cía taldearen Pin, pan, pun, Sergio eta Erramun obrea Espainiako estreinaldia izango da, baita Deabru Beltzak-en Dibertidantza eta Mystérieuses Coiffures-en El mundo de los colores be. Euskal Herriko estreinaldiak izango dira Balbàl Company, Claire Ducreux & Toni Mira eta Daraomai Cie konpainien lan barriak.
Ikuskizun barriak aurkeztuko dituen konpainien artean bertokoak be badagoz. Gorago aitatutako Barsanti Cía, Mystérieuses Coiffures eta Deabru Beltzak ahaztu barik, aitagarria da Markeliñeren Psike, keinuak, jantzea, txotxongiloak eta sua buztartzen dituan formatu handiko lana. Kukai, Zanguango Teatro, Hika Teatroa eta beste asko be badagoz egitarauan.
Herritarrek eta bisitariek, beraz, kaleko arte adierazpideakaz gozetako aukera ugari izango ditue irailaren 22tik 27ra. Udalak aurreratu dau Kalealdiko ikuskizun guztietan zorrotz beteko dirala osasun neurriak, eta publikoak derrigorrez jantzi beharko dau maskarea.
Ikusi egitarau osoa hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!