Maite Gurrutxaga ilustratzailea Bruselako Azokan izango da
2020-09-09 13:25 KultureaPandemia dala eta, online hartuko dau parte.
Komikiaren alorreko azokarik entzutetsuenetako bat da Bruselako Fête de la BD, eta aurten euskal ordezkaritzea egongo da han. Etxepare Euskal Institutuaren bidez, Maite Gurrutxaga ilustratzaileak mahai-inguru birtual baten hartuko dau parte bihar, hilak 10.
Covid-19aren pandemiagaitik, egitarau desbardina antolatu dabe aurten Bruselan, ze jardun presentzialagaz batera egitarau birtual zabala izango dau Fête de la BD-k. Belgikako autoreak egongo dira azokako gune presentzialean, eta ganerakoek bide telematikoak erabiliko ditue.
Bigarren hori da Maite Gurrutxagaren kasua. Zoom aplikazinoaren bidez, munduko beste ilustratzaile batzukaz egingo dau berba mahai-inguruan, Bruselara joan barik. Emakumeek komikia zelan lantzen daben eztabaidatuko dabe. Gurrutxagagaz batera egongo dira Kaisa Leka finlandiarra eta Stepanka Jislova txekiarra, Maryse Dubuc komikigile quebectarra moderatzaile dala.
Mahai-ingurua gidatzeko beren-beregi aukeratu dabe Dubuc, komikigintza europarrean eta, batez be, belgikarrean aditua izateaz gan, 2021ean antolatuko dan Quebec-Pays Basque kultur egitasmoagaz lotura egiteko balio leikelako Bruselako saioak.
Maite Gurrutxaga aspaldi hasi zan ume, gazte eta helduentzako ilustrazinoan beharrean. Hainbat sari emon deutsez: 2014ko Euskadi Saria Literatura Obrearen Ilustrazinoan, Habiak komikiagaitik; eta Lazarillo Album Ilustraduen Saria Alaine Agirregaz batera, Martin lanagaitik. Bratislavako Ilustrazino Biurtekoan (2014, 2017 eta 2019) eta Illustrating Life Beijing jaialdian (2017 eta 2019) ikusi dira bere lanak.
Fête de la BD jaialdiak 250 sortzaile eta 100.000 bisitari inguru erakarten ditu urtero Bruselara. Komikigintzearen eta ilustrazinoaren munduko erreferenteetako bat da azokea. Covid-19ak formatua aldatzera behartu dau, eta saio birtualen alde egitera, baina egitaraua oparoa izango da betiko lez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!