Ahotseneak Durangotik urtengo dau udagoienean

Bizkaie! 2020-09-09 12:47   Kulturea

Azokakoaz gan beste hiru plaza izango ditu, sortzaile gehiagok euren lan barriak aurkeztu deiezen.

Sortzaileak, Bilbon, Ahotsenearen inguruko agerraldian | Ikusi handiago | Argazki originala

Sortzaileen plazea izaten da Ahotsenea, urtean behin, Durangoko Azokan. Aurten, baina, pandemiaren ondorioak igarriko dira, eta idazle eta musikari gitxiagok izango dabe euren lan barriak zuzenean aurkezteko aukerea. Ahotsenearen bultzatzaileek topau deutse zelanbaiteko konponbidea: Durangoz gan, beste hiru plaza izango ditu udagoieneko beste hitzordu kultural batzuetan.

Lurraldez eta izakeraz, askotariko hitzorduak topau ditu Ahotseneak udagoienerako. Amurrion egingo dan Araba Euskaraz ikastolen jaia izango da bat; beste bat, Zarauzko Literaturia jaialdia; hirugarrena ez dabe zehaztu, baina hurrengo egunetan jakingo dogu.

Durangoko Azokea txikiagoa izango danez, urtenbidea behar izan dogu, eta beste ekitaldi batzuetan lekua emongo deutsagu Ahotseneari, adierazo Miren Narbaiza musikari eta Ahotseneko kideak. Durangon egon ezin dabenei aukerea emotea da asmoa. Izan be, aurreikusi dabenez, musikarien aurkezpenak % 50 bajatuko dira, eta literaturakoak, % 20.

Edozelan be, Gerediaga alkarteko Nerea Mujikak adierazo dau 2020ko Durangoko Azokea ziur egingo dala. Eragile ugarigaz alkarlanean dabiz edizino honek be aurrera urten deian, baina oraindino goiz da ezaugarri zehatzak jakiteko, momentuko osasun egoerearen eta agintarien erabagien araberakoa izango da.

Beste ekimen askoren moduan, Durangoko Azokearen gerizpean sortu eta bere bidea topau dau Ahotseneak, Mujikak azaldu dauenez. Pozik gagoz Ahotseneak Azokatik harago hartu dauen bideagaitik. Covid-19aren aurretik be, abenduko hitzordutik kanpo zabaltzeko asmoa izan dabe Ahotsenean, esate baterako, Araba Euskaraz jaian. Ondoren, pandemiak dana atzeratu eban, baina alkarlanari eutsi deutse.

2020an diskoa edo liburua argitaratu daben sortzaileek irailaren 14tik izango dabe Ahotsenean izena emoteko aukerea. Lehentasunen arabera esan beharko dabe aurkezpena non egingo egin nahi daben, hau da, Literaturian, Araba Euskarazen, Durangoko Azokan ala zehazteko dagoan lekuan. Behin egutegia adostuta, publikoak bide bi izango ditu egitarauaz gozetako: Lekuan bertan (aforo mugatua eta gonbidapenagaz) edo streaming bidez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu