Andoni Martínez Barañano tenorrak disko solidarioa plazaratu dau

Bizkaie! 2020-09-08 13:46   Musikea

Mario Lerena pianisteak lagundu deutso grabazinoetan.

Ezagun egin zan Andoni Martínez Barañano tenorra konfinamenduaren sasoian, egunero errezitaldiak emoten zitualako Algortan daukan etxeko balkoitik. Osasun beharginak omentzea eta auzotarrak alaitzea zan bere asmoa. Orain, barriro dator proiektu solidario bategaz, Desde mi balcón a tu corazón diskoagaz hain zuzen.

Mario Lerena pianista getxoztarraren laguntzinoagaz grabautako disko honen salmentearen dirua Caritas alkarteari emongo deutso Martínez Barañanok. Covid-19aren erruz bazterkeria jasateko arriskuan dagozan emakumeei laguntzeko proiektuetan erabiliko dabe batutakoa. Bizkaiko Caritaseko Carlos Bargosek adierazo dauenez, momenturik kritikoenetan onena ateratzeko gauza gara.

Hamabi pieza dakarz disko barriak: Operako ariak, euskal doinuak, kantu espainiarrak eta napolitanak. Besteak beste, Pucciniren Turandot obrako Nessun dorma, Mikel Laboaren Txoria txori eta Napolin tradizino handia dauen O sole mio sartu ditu Martínez Barañanok. Juan de la Ricak marraztu dau azala.

Getxoko Muxikebarrin aurkeztu dabe Desde mi balcón a tu corazón, Andoni Martínez Barañano eta Mario Lerena bertan dirala. Ekitaldian parte hartu dabe, ganera, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputadu Lorea Bilbaok eta Getxoko alkate Amaia Agirrek. Artistek bihotza jarri dabe asmo solidarioagaz egindako lan baterako, adierazo dau Bilbaok. Tenorra konfinamenduko erreferente bihurtu zala dino Agirrek.

Egoerea halakoa zalako edo lehenengo egunak ziralako, konturatu nintzan Algortan 20:00etako txaloak hotzak zirala, eta horregaitik pentsau neban musikearen bidez auzokideak animetea, balkoira urten eta eguneroko omenaldira batu eitezan, gogoratu dau Martínez Barañanok. Gustoko kantuak aukeratzen zituan iluntzeetako errezitaldi laburretarako, eta diskoan be bere pieza gogokoenak sartu ditu.

Muxikebarrin egindako ekitaldia, diskoa aurkezteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu