Landa eta itsas eremuko emakumeen lana, argazkirik argazki
2020-09-08 12:42 KultureaFormatu handiko hamabi irudi ipini ditue, Bilbon, Bizkaiko Batzar Nagusien egoitzan.
Landa eta itsas inguruetako emakumeek euren negozioak aurrera eroateko egiten daben ahalegin handia erakutsi eta jagokon balioa emoteko asmoz antolatu dabe Bizkaian baditun! Itsas landa inguruneko emakumeak erakusketea, Bilbon, Bizkaiko Batzar Nagusien egoitzan. Gema Arrugaeta argazkilariaren formatu handiko hamabi argazkitan, lehen sektorean dabizan hamabi emakumeren egunerokoa agiri da.
Tradizinoz gizonakaz lotu izan diran lanbide gogor ugari dagoz baserrietan eta kostaldean, baina erakusketeak garbi azaltzen dauenez, emakumeak be badabiz zeregin horreetan. Hain zuzen be, andrazkoen ahalegin hori autortu eta gizarteratzeko sortu eben orain dala hiru urte inguru Gaittun alkartea, erakusketearen bultzatzailea, Batzar Nagusiakaz batera. Itsasoko eta landa eremuko emakumeak ahalduntzeko eta gure lana leku guztietara zabaltzeko, urietara be bai, sortu genduan Gaittun, zehaztu dau Iratxe Martinez Mazagak.
Betidanik bizi izan da baserrian Martinez Mazaga, gaur egun 3.000 oilo daukaz. Virginia Elgeak, ostera, aurreko lanpostua itxi eban baserrira joateko, ardiak daukaz Karrantzan. Baserriko lanetan, batzuetan bakarrik sentiduten dirala eta errekonozimentu txikia egiten deutsela azaldu dau Gaittuneko beste kide batek, Miren Meabek. Horregaitik, erakusketea proiektuaren hasierea baino ez da, lekukotzak batzen segiduko dabe.
Abereak jagon edo ortua lantzen dabenez gan, kostaldeko herrietan arrantzeagaz lotutako lanbideak dituen emakumeak be badagoz erakusketan. Horreetako bi dira Juani eta Ana Rosa, Bermeoko saregile eta neskatila bi. Gero eta itsasontzi gitxiago dagozanez, euren lanbidea desagertzeko arriskuan dagoala dinoe, baina burrukan segiduko dabe, ez desagertzeko.
Erakusketa hau omenaldia da emakumeei, hurrengo belaunaldien erreferente izan daitezan, adierazo dau Batzar Nagusietako presidente Ana Otaduik. Mendeetan izan ez dogun ikusgaitasuna emongo deutse erakusketeak, eta Bizkaiko eskualde guztietako emakumeak agiri dira ganera, Otaduiren arabera.
Gema Arrugaetaren argazkiak irailaren 28ra arte ikusi ahal izango da, doban. Batzar Nagusien erakusketa aretoa astelehenetik barikura egoten da zabalik, 08:00etatik 15:00etara. Bestetik, katalogoko erako liburua be plazaratu dau Gaittun alkarteak, erakusketako emakumeen argazkiak eta hareen historiak sakonago lantzen dituana.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!