Migratzaileak eta Iparragirre omenduko ditue Diasporaren Egunean

Bizkaie! 2020-09-08 08:57   Euskaldunak munduan

Ospakizuna Ormaiztegiko Zumalakarregi Museoan egingo da. 

Euskal Diasporaren Eguneko ekitaldi instituzionala Ormaiztegin (Gipuzkoa) izango da gaur, irailak 8. Euskal Diasporaren Eguna urtero ospatzen da egun horretan eta 2020koa hirugarren edizinoa da. Ordubete inguruko ekitaldi instituzionala izango da (16:00etatik 17:00etara) eta covid 19aren kontrako burrukan abian jarritako neurriak zorrotz errespetauta egingo da; beraz, edukiera mugatuko ekitaldia izango da eta publikoarentzat ez da lekurik egongo.

Ekitaldian Iñigo Urkullu lehendakaria izango da buru eta bertan parte hartuko dabe Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoako Aldundiko ordezkariek eta Ormaiztegiko (ospakizuna hartuko dauen herria baita) eta Urretxuko (Jose Maria Iparragirre bardoaren jaioterria izateagaitik) alkateek. Ekitaldi instituzionalean, bideo bat erakutsiko dabe eta, Ormaiztegin izango dan txistulariaren doinura jantzarien txandea izango da Txile, Suitza, San Frantzisko, Salt Lake City, Buenos Aires, Mar del Plata, Cañuelas, Reno, Montevideo, Boise, Sydney eta Madrildik.

Horren ondoren, Jose Kruz Gurrutxaga eta Miren Arrieta aktoreek Iparragirre eta bere emaztearen arteko alkarrizketa bat antzeztuko dabe.

Ekitaldi instituzionala Iñigo Urkullu lehendakariaren berbakaz amaituko da. Gernikan kargua hartu ondoren Lehendakariak egingo dauen lehen ekitaldi publikoa izango da, eta berton munduko euskaldun guztiei zuzenduko jake.

Ospakizuna Ormaiztegiko Zumalakarregi Museoan egingo da. Kultura gune horretan ikusgai dago 1842an Leopoldina Rosa fragata Ameriketara bidean hondoratzeari buruzko erakusketea. Hondoratze horretan euskal emigrante asko hil ziran itota eta erakusketeak XIX. mendeko euskal emigrazinoei eta egungo migrazino-fenomenoari buruzko gogoetea dakar.

Era berean, ekitaldiak omenaldi keinu bat egin nahi deutse 2020an bat egiten daben efemerideei: Jose Maria Iparragirreren jaiotzearen 200. urteurrena eta Gernikako Arbola ereserkia sortu zanetik 167 urte igaro dirala; ze Urretxuko bardoak ereserkia sortu ebanerako, hamar urte baino gehiago emonda baitzituan berak be emigrante Europan eta Amerikan.

Bestalde, Munduko euskal etxe guztientzako, Eusko Jaurlaritzeak bideo bat grabetea proponidu deutse euskal etxeei, eurek egingo dituen Euskal Diasporearen Eguneko ospakizunak erakutsiz eta Irailaren 13tik aurrera munduko euskal etxeek Euskal Diasporearen Eguneko ospakizunak batuko dituan bideo hori zabalduko da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu