Gidor Bilbao: 'Berba asko hartu doguz latinetik, eta kulturea be bai'

Dabi Piedra 2020-09-07 07:58   Barriketan

EHUko irakaslea.

Batxilergoko eta unibersidadeko ikasleak gogoan, Oinarrizko Hiztegia. Latina-euskara argitaratu dau Gidor Bilbaok, EHUren eta Vox-Spes argitaletxearen eskutik. Erraz erabilteko hiztegia dan arren, horrek ez dau esan nahi maminik bako lana danik, izan be, 19.000 latinezko sarrera eta horreen euskerazko itzulpenaz gan, kultura klasikoa ulertzeko argibide batzuk eta gramatikea be badakarz.

Filologia Klasikoan doktorea da Gidor Bilbao, eta gaur egun latina erakusten deutse EHUko filologietako eta Euskal Ikasketetako ikasleei. Euskaltzain urgazlea da. Oinarrizko Hiztegia. Latina-euskara barri hau ez da latinaren eta kultura klasikoaren inguruan plazaratu dauen lehenengo liburua (Latin-literaturako sarbidea be berea da, besteak beste).


1.- Egon badagoz latinetik euskerarako hiztegi gehiago. Zer barritasun dakar orain plazaratu dozun honek?

Hau be, beste batzuen moduan, oinarrizko hiztegia da, ez da handi-handia. Baina bada orain artekoak baino pixka bat handiagoa, hau da, sarrera eta azpisarrera gehiago ditu, eta berba bakotxaren adiera bat baino gehiago be sartu doguz. Bestetik, adibide asko dakarz gureak, hori barritasuna da, ahalegin berezia egin dogu ohiko esaldiak be itzulita emoteko. Batez be, ikasle gazteek erabiliko dabela kontuan izanda, latinetik euskerara egin behar dituen itzulpenetarako ereduak emon doguz.


2.- Zelan dago egituratuta hiztegia?

Ohiko egiturea emon deutsagu, kasu honetan latina-euskera baino ez dago, hau da, ez dauka euskera-latina atalik, normalean irakaskuntzan latinetik euskerara itzultzen dalako, ez alderantziz. Gehigarri bat be badauka, perfektu eta partizipio perfektuen zerrendeagaz. Horren ondoren, izen berezien zerrenda bat sartu dogu. Hor agiri dira mitologiako pertsonaiak, antxinako lekuak... Azkenik, gramatikatxu bat sortu dogu, hori ez da aparteko nobedadea, ze hiztegietan ohikoa da, baina latina-euskera hiztegi baten bai, uste dot hau dala lehenengoa gramatikearen gehigarria dakarrena. Euskolatinus hiztegiak aparte argitaratutako gehigarri bat dauka gramatikarako, baina hiztegian bertan hau da lehena, uste dot.


3.- Hizkuntza kontuez harago, mitologiari, historiari eta antxinako bizimoduari eskainitako atal hori kultura klasikoa hobeto ezagutzeko aproposa izan leiteke.

Bai, ze izen berezien zerrenda horretako izenak modu entziklopedikoan azaltzen dira. Adibidez, Cacus begiratu ezkero, deklinazinoaren argibideak datoz lehenengo, eta euskeraz zelan esan: Kako. Baina gero sarrera entziklopedikoa dator, eta hor jakin geinke mitologiako lapur ospetsu bat izan zala Kako.


4.- Ze iturri nagusi erabili dozuz hiztegi hau egiteko?

Esan behar da hiztegi hau EHUren eta Vox-Spes argitaletxearen artean atera dogula. Hego Euskal Herrian aspalditik erabili izan da, eta oraindino be asko erabilten da, Voxek argitaratutako latina-gaztelania hiztegia. Hain zuzen be, guk orain atera doguna Vox-Spesen Diccionario Esencial izeneko beste baten egokitzapena da, eta hau, aldi berean, XX. mendearen hasieran nafar batek idatzitako Diccionario Manual Latino-Español hiztegiaren bersinoa da. Eustaquio Etxauri da hiztegi horren egile nafarra, guk dakigula ez eban ezer euskeraz idatzi, baina greko eta latin hiztegiak, latina ikasteko eskuliburuak... hainbat idatzi zituan.

Orduan, gurea Etxauriren haretan dago oinarrituta, baina alde guztietatik egokitu behar izan dogu, jakina. Han-hemen daukazan huts edo errata batzuk zuzendu doguz, ze edizinoz edizino pasau dira hasierako laneko akats asko. Sarrera batzuen hurrenkerea berrantolatu dogu, eta adierak beste modu batera emon: Etxauriren liburuan lotura zuzena egiten da latinezko berben eta hareen gaztelaniazko ondorengoen artean. Baina berba batzuen esangurea aldatu egin da mendeen joanean, eta guk lehentasuna emon deutsagu sarrera bakotxaren itzulpen zehatza emoteari. Hau da, berba bakotxak ze ondorengo itxi dituan gaurko hizkuntzetan ez; sarrera horren esangurea gaurko berbakaz zelan itzuli baino.


5.- Euskerara ekarri behar izan dozue hori guztia...

Bai, Diccionario Manual Latino-Español erderazko hiztegia da, eta guk euskeraz ipini dogu guztia. Hor gauza bat nabarmendu gura dot: Latinezko berben euskerazko baliokideak emoteko orduan, Euskal Herri osoko erabiltzaileak izan doguz gogoan. Beraz, adiera bakotxean euskerazko baliokide bakarra emon beharrean, sinonimo bat baino gehiago sartu doguz, irakurle bakotxak hurrekoen egiten jakona aukeratu deian. Adibidez, lapur bakarrik ez dogu ipini latro sarrerearen itzulpen lez, ohoin be bai, kasu horretan Ipar Euskal Herriko ikasleei erraztasunak emoteko. Gauza naturala emoten dau, baina gero konturatzen zara ahalegin kontzientea behar dala horretarako be.


6.- Ikasleentzat da, batez be, hiztegi hau. Beste hartzailerik izan dozue gogoan?

Egia esan, ikasleakan pentsau dogu, ze euretako askok latina ikasten dabe institutuan, Batxilergoan, eta Selektibidadean be sartzen jake. Batzuk DBHn be hasten dira oinarrizko gauza batzuk ikasten. Unibersidadean, Euskal Ikasketak egiten dituenentzat derrigorrezko ikasgaia da latina, neu naz asignatura horretako irakaslea, ganera. Beste filologia batzuetako ikasleak be izaten dodaz, ikasturte bakotxean ehun ikasle inguruko taldea osotzen dogu latina euskeraz ikasteko.


7.- Euskerea ez da latinetik eratorritako hizkuntzea. Baina zein izan da latinaren eragina euskerearen historian?

Latinaren eragina handia da, batez be lexikoan. Gure berba asko eta asko latinetik datoz. Batzuk gaztelaniaren, gaskoiaren eta frantsesaren bidez heldu jakuz, baina badagoz zuzenean latinetik euskerara pasau diran berbak be. Horreek mailegu zaharrak dira, eta badago modua zeintzuk diran jakiteko. Emon daigun, bake edo pake euskerazko berbea, hori latinetik zuzenean hartutakoa dala badakigu, ze gaztelaniaren edo frantsesaren bitartez hartu izan bagendu, bigarren konsonantea beste bat izango zan. Berba asko hartu doguz, baina kulturea be bai, erromatarrek gure kulturan izan eben eragina handia izan zan.


8.- Azkenaldion latina ikasteari ez jako garrantzirik emon, ez dalakoan jakintza praktikoa.

Onartu behar dot latinak izan dituala motibo batzuk ospe txarra hartzeko. Batetik, Erromagaz lotzen dogu, eta inperioek ez daukie fama onik gaur egun. Bestetik, eskoletan zelan erakutsi izan dan be, ba ez dakit. Danok irakurri behar izan doguz Zesarren testuak, beti gerretan sartuta, soldaduak gora eta soldaduak behera. Beharbada hori ez da oso erakargarria gehienentzat. Ni, klaseetan, ahalegintzen naz, Zesarrez gan, bestelako batzuen idatziak be sartzen: Tibulo, Katulo, Ovidio... Erromatarrak ziran horreek be. Eta Terentzio, adibidez, baltza zan, baina latinez idatzi eban. Maitasuna, mitologia, eguneroko bizimodua eta beste gai ugari landu zituen horeek autore guztiek.


9.- Ikasgai aspergarri bat emon ordez, zure pasinoa ikasleei transmitiduten ahalegintzen zara.

Bai. Indusketak ikusten joaten garenean, harriak edo aztarnak ikusita zeozer sentiduten dogu. Jausitako horma batzuk baino ez dira, baina han jentea ibili zala jakiteak zeozer eragiten deutsu. Niri bardin pasetan jat orain dala bi mila urteko idatziak irakurrita. Latinez idatzi eben nik orain sentiduten dodazan gauza bardinei buruz. Gustetan jat ezagutzea gure inguruan ibili diran guztien kontuak.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu