Menorcako isla magikoan
2020-09-03 13:25 Ibilian-ibilianCamí de Cavalls, natureak eta historiak geuretzat gordeta daben bidea.
Camí de Cavalls bidean barrena abiatuko gara oraingo honetan, abuztuari amaierea emoteko. Menorcako isla osoa zeharkatzen dauen ibilbide historikoan sartuko gara, Balearretako ugarte ikusgarrienetako bat bete-betean ezagutzeko. 20 etapatan banaturik dago ibilbidea eta honek zeharkaldi lez egin daitekez edota tartekako egun pasetan. Erronkazaleentzat, ganera, urtean behin, iraupen luzeko Epic 360 ultratraila antolatzen dabe bertan, eta hiru etapatan ugartea lasterka gurutzatzeko aukerea eskaintzen dabe.
Oraingo honetan, ostera, gure helburua bestelakoa izango da, geure arropa eta gauza
guztiak motxilan daroaguz, beraz, pazientziagaz eta astiro egin beharko dogu aurrera. Egun bakotxa ezbardina izango da, ez baitakigu non egingo dogun lo eguerdi aldera bila hasi arte. Horri esker, geure aldartearen arabera erabagi geinke, kilometro gehiago egin nahi baldin badoguz edota kala ikusgarri bat topau dogulako eta bertan denpora gehiago igaro nahi dogulako.
Azpimarratzekoa da apirilean egin arren ibilbidea eta udabarria izanik, ez genduala ezelako arazorik izan ostatuak topetako. Udan, barriz, aurretiaz antolatu beharko geunke ibilbideko geldialdi bakotxa eta bertan tokia hartuta izan. Norberak erabagi daiala noiz nahi eta, batez be, noiz ahal dauen, baina nire gomendioa, zalantza barik, martia-maiatza edo urrian edo joatea izango litzateke, udako tenperaturek zaldu egin leikielako esfortzua, tarte askotan ez baitogu itzalik izango.
Bestalde, hondartzak hutsik egoten dira, ostatu eta jatetxe asko itxita eta urbanizazino asko obretan, udan dana distiratsu egoteko; hortaz, horrek esan nahi dau hondartzetan eta bidean zehar oso jente gitxi dagoala eta islearen gozotasun gordina izango dogula ikusgai, masifikazinotik kanpo, Balear Ugarteen xarmea bete-betean.
Camí de Cavalls bideak berak baditu bestelako saihesbide batzuk eta noizbehinka ibilbide monotonoak, barrualdetik doazanak, baina horreek baztertzeko bada beste aukera zoragarri bat: Camí del Litoral. Berau hartzeko aukerea dagoan bakotxean, ez izan dudarik, kala eta hondartzen ertzetatik egingo dogu aurrera, kostaldeko kresala oinetan geureganatu eta panoramikearen parte izanik.
Itsasoa, mendia, basoa, zelaiak, dana eskura natureagaz bat eginez. 185 kilometroko ibilbidea, islako uriburua eta Ciutadella lako toki ikusgarri eta ezagunak zeharkatuz. Baina ez hori bakarrik: ondare kultural eta historikoa be bada bidea, izan be, izenak berak dinoanez, iraganean zaldientzat egindako bidea doguna gerlari britainiarrek zelatan egoteko erabilten eben, islea kontrolpean ebela ziurtatu ahal izateko. Gozau daigun, bada, natureak eta historiak geuretzat gordeta daben bide zoragarri honegaz.
Etapak
1.- Maó - Es Grau.
2.- Es Grau - Favàritx.
3.- Favàritx - Arenal d’en Castell.
4.- Arenal d’en Castell - Cala Tirant.
5.- Cala Tirant - Binimel·là.
6.- Binimel·là - Els Alocs.
7.- Els Alocs - Algaiarens.
8.- Algaiarens - Cala Morell.
9.- Cala Morell - Punta Nati
10.- Punta Nati - Ciutadella.
11.- Ciutadella - Cap d’Artrutx.
12.- Cap d’Artrutx - Cala en Turqueta.
13.- Cala en Turqueta - Cala Galdana.
14.- Cala Galdana - Sant Tomàs.
15.- Sant Tomàs - Son Bou.
16.- Son Bou - Cala en Porter.
17.- Cala en Porter - Binisafúller.
18.- Binisafúller - Punta Prima.
19.- Punta Prima - Cala de Sant Esteve.
20.- Cala de Sant Esteve - Maó.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!