Guztiz online izango da 2020ko Diasporearen Eguna

Bizkaie! 2020-09-01 10:32   Euskaldunak munduan

Parte hartzeko deia egin deutse munduko euskal komunidade guztiei.

Sortu zanetik, sarea izan da Euskal Diasporearen Egunaren euskarri nagusietako bat, munduko bazter guztietako euskaldunek egun horretarako atondutako ekitaldiak konpartiduteko modurik aproposena dalako, argazki eta bideoen bidez. Aurten, baina, Covid-19aren pandemia tartean sartu danez, dan-dana izango da online.

Irailaren 8a da Euskal Diasporearen Eguna, eta munduko euskal etxeak eta beste euskal komunidadeak ekitaldi ugari atontzen hasi dira, gehienak online. Eusko Jaurlaritzeak dei egin deutse egindako jardueren bideoak sarean konpartidutera, Diasporearen Egunak interneten euki deian kalean hartu ezin duen dimensinoa.

Irailaren 8ko aste osoa egongo da lotuta Diasporearen Egunagaz. Hori dala eta, bideoak irailaren 13ra arte bialdu leitekez, euskaletxeak@euskadi.eus helbidera. Kanpoan dan Euskal Komunidadearentzako zuzendari Gorka Alvarezek adierazo dauenez, bideo guztiak batuta dokumental bat egitea da asmoa.

Bestetik, urteroko ekitaldi instituzionala, egitekotaz, aurreko urteetan baino apalagoa izango da. Normalean, agintariak batzen dira, Lehendakaria buru, eta jantzak, berbaldiak eta halakoak egoten dira. Igaz Ispasterren egin eben. Aurten, ekitaldi presentzialean jente gitxi egongo da, eta internet bidez edo bideoan hartuko dabe parte ganerakoek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu