Jon Uriarte: 'Espazio publikoa digitala be bada, eta argazkigintzan gehiago'
2020-08-31 08:03 BarriketanGetxophotoko komisarioa.
Azken hileotako ekitaldi kultural guztiei lez, Getxophotori be eragin deutso Covid-19aren krisiak. Halandabe, sasoiko heldu da argazkiaren eta irudiaren nazinoarteko jaialdia bere urteroko hitzordura, Jon Uriarte komisarioaren gidaritzapean. Egitarauan aldaketa batzuk egin behar izan dituen arren, sail gehienei eutsi deutse eta nazinoarteko sortzaileen lanek hartuko ditue Getxoko kale eta plazak, irailaren 3tik 27ra.
Jaialdiaren norabide artistikoaz arduratzen diran komisarioak hiru urterik behin aldatzea da Getxophotoren ezaugarri berezietako bat. Jon Uriarte gipuzkoarrak bere txandako lehenengo edizinoa dau, urte gogorra egokitu jako, pandemiagaitik. Edozelan be, pozik dago etxetik hur behar egiteaz, Londreseko Photographers' Gallery erakundeko komisario digital lez be segiduko dauen arren. Kalera! lemapean, espazio publikoa jorratuko dau 2020ko Getxophotok.
1.- Kalera! da aurtengo edizinoaren gaia. Getxophotok betidanik izan dau, baina, kalera urteteko jokerea.
Bai, hain zuzen be, gai hori aukeratu genduanean, asmoa zan zelanbaiteko omenaldia egitea Getxophotori berari. Nik aspaldi ezagutzen dot Getxophoto, nire obrea erakusteko zein berbaldiak emoteko deitu izan deustelako aurreko beste edizino batzuetan, eta baneukan gogoa jaialdi honek hasiera-hasieratik egiten dauena agirian ixteko. Kulturea, bizitzea eta gogoetak Getxoko kaleetara ateratzen ahalegindu da beti, herritar eta bisitariakaz konpartiduten.
Horrezaz gan, uste dot urteroko jaialdiek momentuan-momentuan gizartean dagozan kezkak eta mobimenduak erakutsi behar dituela, momentu bakotxean pasetan danari adi. Azkenaldion, pandemia heldu baino lehen be bai, kalea protagonismoa hartzen hasi da oinarrizko gai batzuetan, esate baterako, larrialdi klimatikoari erantzuteko orduan edo identidadeagaz lotutako gatazketan. Azken hori garbi ikusten da aldarrikapen feministetan edo, nazinoartean, arrazakeriaren kontrako protestetan. Horreek mobimenduek kalera urten dabe, espazio publikora.
2.- Espazio publikoa aldarrikatuko dau Getxophotok, ingurune digitala be kontzeptu horren barruan sartuta.
Jakina, gaur egun espazio publikoa eremu fisikotik harago doa, eta online be badago. Londresen egiten dodan lanean, eta nire obran be bai, sakon jorratzen dot alderdi digitala, kontziente naz espazio publikoa digitala be badala, eta argazkigintzan gehiago. Ganera, orain, pandemiagaitik, espazio publikoaren ezaugarri asko eremu digitalera pasau dira, batez be konfinauta egon ginanean: Ia-ia behartuta ikusi dogu geure burua mundu digitalean sartzera, bapatean. Hasieratik izan dogu espazio publiko digitala lantzeko asmoa, baina pandemiagaz indartu egin da asmo hori.
3.- Garbi dago Covid-19ak kalearen eta espazio publikoaren beste ertz batzuk erakutsi deuskuzala.
Bai, guk plangintza bat izan genduan hasieran, eta ondoren pandemia heldu zan, konfinamendu eta guzti. Kalera! leloaren esangurea gehiago zabaldu eban horrek, eta gai gehiago sartzeko modua emon deusku. Salbuespenezko egoera baten zelako hartu-emonak doguzan, kalea konpartiduteko moduak zelan aldatu diran... ahalegina egin dogu hori be erakusteko.
4.- Sorkuntzearen ikuspegitik, zein da kalearen eta espazio publikoaren garrantzia?
Espazio publiko fisiko zein sarekoa, biak dira garrantzitsuak sormenerako, eta uste dot garrantzitsuagoa be izan behar litzatekeela, batez be homogeneotasun batzuk apurtuta. Espazio publikoa pribatizau eta homogeneo bihurtzeko jokerea agirikoa da azken hamarkadotan, espazio publikoan sortu, kritikau edo protesta egiteko aukerak gero eta txikiagoak dira. Horregaitik, beharrezkoa da espazio publikoa berreskuratzea, azken baten Getxophotok sorreratik izan dauen helburua hori da.
Online espazioan hori aldarrikatzea be ez da ahaztu behar. Gaur egun, gehien erabilten dogun espazio digitala sare sozialak dira, eta kontuan hartu enpresa poteretsu batzuen esku dagozala, euren arau pribaduen menpe dagoz. Egoera horretan aniztasuna eta sormena zelan landu pentsau behar dogu.
5.- Halandabe, Getxophoton bertan lekua egin deutsazue sare sozial jakin batzuen bidezko ekimenei.
Jakina, sareak kritikau bai, baina ez doguz zertan baztertu edo ezabatu. Ez naz ni bape teknofoboa, ez nago sare sozialak baztertzearen alde. Baina ulertu behar dogu zelan dabizan eta horren arabera jokatu. Ganera, jenteak askotan bueltea emoten deutse sareek eskaintzen daben zerbitzuei, eta jaubeek eurek be pentsau ez daben modu baten erabilten ditue. Sare sozialak sorkuntzarako espazioa dira duda barik, eta jaialdiok edo kulturaz arduratzen diran erakundeek errealidade hori gogoan izan eta erakutsi behar dabe.
6.- Getxophotoko egitaraurako aukeratu dozuezan sortzaileak lotzen dituan haririk badago, 'Kalera!' gai nagusiaz gan?
Mundu osoko 300 bat proposamen jaso doguz, eta hortik aukeratu dogu programea. Askotariko artistak dira, eta oso gatxa da lotzen dituan zeozer topetea, danetarikoa dago. Zeintzuk aukeratu eta zeintzuk baztertu erabagiteko be nahikoa lan izan dogu. Gaietan badagoz antzekotasun batzuk, antolatzaileok ezarri doguzalako jorratu beharreko bide nagusiak, baina hori adierazteko orduan, bakotxak bere aldetik jo dau: kaleko argazkigintza klasikotik hasi eta errealidade birtualeraino.
7.- Pandemiak zabalkundean segitzen dauen arren, Getxophoto egitea lortu dozue. Asmo eta plan asko aldatu behar izan dozuez aurrera egiteko?
Guztiz baldintzatu gaitu honek, bai. Produkzinoaren atalean dabizan lankideek lan gogorra egin behar izan dabe dana egoera barrira egokitzeko. Era honetako jaialdi bat segurtasun osoz egin ahal izateko, arau zorrotzak bete behar dira, eta gobernuek agintzen dituen neurri barrietara egokitu behar da eten barik. Gauza batzuk kendu behar izan doguz, eta beste batzuk sartu. Halandabe, ikusten dogu beste jaialdi asko bertan behera geratu dirala, eta guk aurrera egin ahal izan dogu, beraz, subertea izan dogula uste dot. Jenteak be esker onez hartu dau Getxophoto, horrenbeste hile ezelako ziurtasun barik pasau ostean, sormen jaialdi batez disfrutau ahal izatea gauza handia da.
8.- Kontuak kontu, eta birusak eragindako trabak gorabehera, aurten ekin deutsazu Getxophotoko komisario beteko dozun epeari. Zeintzuk dira zure asmoak?
Orain arte Getxophotok ondo egin dituan gauzei eutsi nahi deutset, hau da, irudian oinarritutako gogoetea zabaltzea getxoztarren eta bisitarien artean. Sortzeko moduez be gogoetea eragitea inportantea dala uste dot, argazkigileek edo artistek egin behar dabe gogoeta hori, baina herritarrek be bai, orokorrean. Irudiek inguratzen gaitue, danok erabilten doguz, ez da artista batzuen esku baino ez dagoan zeozer. Gero eta agirikoagoa da hori ganera, adibidez orain medikuntzara heldu dira diagnostikoak irudi bidez egiteko teknikak.
9.- Azkenaldion Londresen ibili zara lanean, eta bazabiz. Getxophoton etxetik hurrago egoteko modua izango dozu.
Bai, gauza positiboa da hori, eta, batez be, Getxophotoko komisario izateak pozten nau, ze lehendik be loturea izan dot jaialdiagaz, eta orain ardura hau hartzea etxera bueltetea modukoa da. Luzaroan egon naz atzerrian bizi izaten, eta sarri etorten nazen arren, hemen behar egiteko aukeraren bat sortu ezkero aprobetxau egin nahi dot.
Argazkiak: Getxophoto
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!