Itsasoko hondakinak gitxitzeko idea lehiaketea martxan
2020-08-27 09:21 Pil-pileanAbuztuaren 31ra arte dago proposamenak bialtzeko epea.
Ingurumenagaz lotutako arazorik handienetako bat da itsasoan pilotzen dan zikinkeria guztia, gizakiak sortutakoa. Horregaitik, martxan dago #EkinZeroZaborUretan kanpainea, euskal kostaldean kontzientziazinoa eta praktika onak zabaltzeko helburuz. Mater itsasontzia uda osoan dabil porturik portu kanpainea egiten, eta lehiaketea be ipini dabe martxan.
Itsasora hondakin gitxiago heltzeko ideak bialtzeko eskatu deutse herritarrei lehiaketearen antolatzaileek. Sare sozialen bidezko sariketa horretan 18 urtetik gorakoek hartu leikie parte, nahi beste idea bialduta. Zaramarik onena, sortzen ez dana; egunerokoan hondakinak saihesteko ideak da gai nagusia, eta horregaz lotutako argazkiak egin eta zabaltzeko eskatu dabe. Parte hartzeko, #EkinZeroZaborUretan traola ipini behar jake proposamenei.
Abuztuaren 31n amaituko da argazkiak bialtzeko epea. Ondoren, kanpainako adituek osotutako epaimahaiak erabagiko dau saria nori emon. Sormena, kalidadea, originaltasuna... balorauko ditue, eta, jakina, proposamena eraginkorra eta egingarria izatea be bai. Irabazlearentzat lau lagunentzako itsas-bidaia antolatuko dabe Pasaia eta Jaizkibel inguruko uretan, Mater Ontzi Museo Ekoaktiboan.
Oinarriak hemen.
Pandemiaren eraginez kontsumoak gora egin dau munduan, eta hondakinak % 15 gehiago dira orain. Birziklatzeak ez dauenez neurri berean gora egin, itsasora heltzen dan zaramea gero eta ugariagoa dala ikusi dabe kanpainearen bultzatzaileek. Behar ez dan lekuan botetan diran eskunarru eta maskarak be arazo bihurtu dira: Maskara kirurgiko batek 450 urte behar ditu guztiz desegiteko.
Hori dala eta, aurreko urteetako ohitureari eutsita, uda osoan dabiz euskal itsasertzean #EkinZeroZaborUretan kanpainea zabaltzen. Batez be, itsas-ibilaldiak egiten ditue Mater ontzian, itsasoan hondakinak topau eta kentzeko. Hurrengoa hilaren 30ean izango da, eta Pasai Donibaneko Alabortza ingurua garbituko dabe. Informazino gehiagorako edo izena emoteko, info@mater.eus helbidera idatzi edo 619 814 225 zenbakira deitu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!