Ikasturte barrian euskerea erdigunean jarteko eskatu dau Kontseiluak
2020-08-27 08:23 Euskerea berbagaiItxialdiak hizkuntzearen ezagutzan izan dituan ondorioak zuzentzea beharrezkotzat jo dau.
Ikasturte barriari zelan, noiz eta ze baldintzatan ekin, hori da azken egunotako ardura eta eztabaidagai nagusietako bat, pandemiak ohiko plagintza guztiak hankaz gora jarri dituan ezkero. Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok salatu dauenez, orain arte, tamalez, ezer gitxi entzuten gabiz ikasturte barriaren eskolaratzean euskerearen gaiak izan beharreko arretaz.
Hori dala eta, euskerearen gaia be eztabaidearen erdigunera ekarteko deia egin dau Kontseiluak, ikasleen euskalduntzean erabagigarriak izan leitekezalako orain hartzen diran erabagiak. Hain zuzen be, euskalgintzako eragile askok ikusi dabe itxialdiak albo-ondorio txarrak eragin zituala euskerea eskolearen bidez ikasten dabenen artean, euskerea lantzeko aukerak txikitu jakezalako. Ikasleen artean hizkuntza-arrakalak sortu leitekezala ohartarazo dabe.
Paul Bilbaok arrakala hori nondik datorren zehaztu dau: milaka eta milaka umek eta nerabek ez dabe inolako loturarik izan euskareagaz ia urte erdiz. Egoera hori ez daiten luzatu, uste dau euskerearen gaia be kontuan izan behar dala ikasturte barriaren ezaugarriak erabagiteko orduan. Hezkuntzan euskera gaitasunari jagokonez ikaslerik atzean ez ixteko, ezinbestekoa da eskolaratze barri honetan hizkuntzea ardatz izatea.
Eskari orokor horregaz batera, proposamen zehatz batzuk be egin ditu Kontseiluak. Esate baterako, ikasleen gaitasunak neurtzea ikasturte hasieran, beharrezkoa balitz neurri zuzentzaileak hartzeko; hizkuntza-errefortzuak indartzea; eta ahozkotasuna lantzeko errefortzuak lehenengo egunetik jartea.
Paul Bilbaok salatu dauenez, aurreko egunetan Nafarroako Gobernuak aurkeztutako planean 600 irakasle baino gehiago kontratetako asmoa agertzen da, beste neurri batzuen artean, baina euskereari ez jako aitamenik be egiten. Foru Erkidegoko hizkuntza-politikea birpentsau eta berrikusteko beharra aitatu dau Bilbaok.
Eusko Jaurlaritzeari jagokonez, ikasturte barriko zehaztasun guztiak emon barik ditu. Bilbaok zera eskatu dau: ezin deutsagu lepoa emon hizkuntzearen auziari: erakundeok, eragileok eta herritarrok egunerokoan egiten doguzan aukerek bideratzen dabe hizkuntza-politika jakin bat.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!