Gatiburen 'Bixotzetik' kontzertua, barriro atzeratuta

Bizkaie! 2020-08-26 13:10   Musikea

2021eko zemendiaren 13a da data barria.

Gatibu talde bizkaitarrak 20 urte bete ditu, eta zaleen konpainian ospatu nahi dabe efemeride biribila, Bilboko Miribillan kontzertu handi bat antolatuta. Baina Covid-19aren erruz, oraingoz ezin dabe halako tamainuko ekitaldirik egin, osasun arloan ekarriko leukezan arazoakaitik. Urriaren 31rako egon da kontzertua iragarrita, baina urtebete atzeratu dabe, 2021eko zemendiaren 13ra.

Kontua da hau ez dala Bixotzetik kontzertua atzeratzen dan lehenengo aldia. Hasiera baten, udabarrian ziran egitekoa, baina pandemiagaz bete-betean bat egin ebanez, udagoienera atzeratzea beste aukerarik ez eben izan. Urriaren 31 izan zan data barria, baina pandemia barriro goraldian dagoanez, bigarrenez atzeratu behar izan dabe.

Ohar baten bidez Gatibuko kideek azaldu dabenez, gure emonaldietan osasun eta segurtasun protokoloak zehatz-mehatz beteten badoguz be, gaur gaurkoz ezinezkoa jaku milaka lagun bilduko leukezan kontzertua egitea. Datorren urtean zaleek merezidu daben moduko kontzertua antolatzeko, hurrengo hileetan gogor lan egingo dabela agindu dabe. Musikea modu kolektiboan sentiduteko sortzen dogu, eta gure esku dagoan guztia egingo dogu barriro aurrez aurre egon gaitezan.

Urriaren 31rako erositako sarrerek bardin-bardin balio izango dabe 2021eko kontzerturako. Autobuseko tiketek ez, horreen dirua modu automatikoan bueltauko deutse zaleei, ze beste era batera antolatuko ditue autobusak data barrirako. Sarrerak bueltetako modua be egongo da, hamabost eguneko epearen barruan.

Zaleek urtebete gehiago itxaron beharko dabe, beraz, Bixotzetik kontzertuaz gozetako. Dana dala, itxaronaldia horren luze ez daiten egin, Gatibuk aurreratu dau beste kontzertu txikiago bat antolatzea aztertzen dabizala, 20. urtebetetzea zaleakaz ospatzeko, baina pandemiak baimentzen dauen neurrikoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu