Bideo barria dakar Belakok, diskoa plazaratu bezperan

Bizkaie! 2020-08-26 12:08   Musikea

Frantsesezko kantua da Sirène.

Plastic Drama diskoa asteon plazaratuko dau Belako talde bizkaitarrak, eta, aurrerapen legez, lan horretako Sirène kantuaren bideoklipa zabaldu dau sare sozialetan. Mungiako laukotearen ibilbidean lehenengo aldiz, kantuaren berbak frantsesez dagoz. Normalean ingelesez abesten dau Belakok, eta euskerea be erabilten dau.

Ikusi bideoa hemen.

Iñaki Billelabeitiak zuzendu dau Sirène bideoklipa, Maria Muriedas laguntzaile dauela, eta Atara etxearen produkzinoagaz. Irudietan, Belakoko lau kideak ez eze, Parisen 1968ko maiatzean Seymour Drescher amerikarrak grabautako dokumental bateko eszenak agiri dira.

Plastic Drama disko barria barikuan, hilak 28, argitaratuko dau Belakok, plataforma digitaletan, disko-dendetan eta webgunean. Euren ibilbideko diskorik desiratuena dala dinoe. Pandemiaren erruz diskoa plazaratzeko oztopoak izan ditue, baina aurrera egitea erabagi dabe: Ezin dogu gehiago itxaron.

Ganera, zuzeneko kontzertu batzuk be iragarrita ditue dagoeneko. Lehenengoa, bihar, abuztuak 27, Bilboko Euskalduna jauregian. Barikuan Bartzelonan joko dabe, eta Madrilen emon beharreko kontzertua irailaren 18ra atzeratu dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu