Beste hamar emonaldigaz biribilduko dau udea Gure Zirkuak
2020-08-26 09:43 KultureaIrailaren 13ra arte luzatu dabe Orioko egonaldia.
Osasun neurri guztiak beteten dituan karpea altzau, eta Orion topau dau Gure Zirkuak pandemiaren udea pasetako leku aproposa. Horri esker, euskera hutsezko zirkuak, Covid-19aren mehatxuari aurre eginaz, bigarren denporaldia bete ahal izan dau, hasierako ikarak baztertuta eta publikoaren bultzadaz. Garagarrilaren 17ko lehenengo emonalditik, 10.000 lagun inguru hartu ditue.
Igazko udan herririk herri ibili zan Gure Zirkua, eta aurten, ostera, leku finko baten geratzea izan da zentzunezkoena. Antolatzaileek iragarri dabenez, udako denporaldi hau pixka bat luzatuko dabe, irailaren 13ra arte, egitaraura beste hamar emonaldi gehituta. Horren ostean, aurreikuspena karpea batzea da, eta udea amaitutzat jotea.
Danetara, beraz, 43 emonaldi egingo ditu Gure Zirkuak 2020ko udan. Hasiera baten garagarrilerako eta abzutuaren zati baterako saioak baino ez zituen programau, baina publikoaren harrera beroa ikusirik, abuztu osoan Orion geratzea pentsau eben. Orain, iraileko lehenengo hamabostaldia be hartzea erabagi dabe.
Emonaldi barriak irailaren 2an hasiko dira. Aste horretako eguaztenetik domekara, egunero emonaldi bat egongo da; hurrengo astean, bardin. Saio guztiak 19:00etan hasten dira.
Horrezaz gan, Gure Zirkuak sorpresa berezia atondu dau irailaren 5erako. Egun horretako emonaldiaren ostean, 22:00etan, Gozategi taldearen kontzertua egongo da zirkuaren karpan. Geratzen diran emonaldietarako eta Gozategiren kontzerturako sarrerak salgai dagoz euren webgunean eta Orion atondu daben karpako txarteldegian.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!