Gure Zirkuak Orion pasauko dau abuztua

Bizkaie! 2020-08-07 10:08   Euskerea berbagai

Danetara 33 emonaldi programau ditue han.

Gure Zirkuaren karpea, Orion (argazkia: Gure Zirkua) | Ikusi handiago | Argazki originala

Igaz jaio zan Gure Zirkua, euskerea eta euskal artistak buztartzen dituan proiektua, eta arrakasta handiz ibili zan herririk herri, neska-mutilen eta familien gozamenerako. Aurtengo udan Covid-19ak oztopo handia jarri deutse antolatzaileei, baina bigarren aldiz jarri dabe martxan ekimena. Ikuspegi modernodun zirkua, eta ganera euskeraz, ikusi nahi dauenak Orion dauka aukerea abuztuaren 30era arte.

Ibiltaria izan zan Gure Zirkua igazko udan, Euskal Herriko herri askotara heldu zan. Aurtengo osasun egoereak ez dau halako mobimenduetarako aukera zabalik emoten, eta, horregaitik, abuztuan behinik behin, leku finko baten egongo da karpa koloretsua. Hain zuzen be, Orioko Mendibeltz futbol zelaian.

Gure Zirkua Oriora heldu zanetik publikoak egin deutsan harrerea sekulakoa izan dala dinoe proiektuaren bultzatzaileek. Sarrerak ondo saldu dira eta jenteak gustura ikusi ditu akrobata, ekilibrista, pailazo eta abarren saioak. Horrenbestez, egonaldia abuztuaren azkeneraino luzatzea eta hasieran aurreikusita egon ez diran beste hamar saio egitea erabagi dabe antolatzaileek.

Orain iragarritako saio barriak kontuan hartuta, beraz, 33 emonaldi egingo ditu Gure Zirkuak Orion. Astero bost emonaldi izaten dira, eguaztenetik domekara. 19:00etan hasten dira.

Orion jasotako harrera beroa eskertu dabe Gure Zirkukoek ohar baten: Bihotzez eskertu nahi dogu karpea Orion altzetea erabagi genduanetik jaso dogun erantzuna. Taldeak baekian ez zala erraza izango, zailtasunak topauko zituala bidean, baina ez da zalantzarik aurtengo ahaleginak merezidu izan dauena.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu