Aste Nagusi bako astea Bilbon
2020-08-21 12:16 Pil-pileanHilaren 22an izan dira hastekoak jaiak, baina aurten osasuna da lehentasuna.

Egutegiak kontrakoa dinoan arren, jairik ez da egongo Bilbon hurrengo bederatzi egunetan. Zapatuan, hilak 22, ziran 2020ko Aste Nagusiko txupina jaurtitekoak Arriaga Antzokiko balkoitik, eta abuztuaren 30era arteko ospakizunak egozan iragarrita. Covid-19aren pandemiak, baina, goitik behera aldatu dau guztia: Egun arruntak izango dira, txosna, kontzertu eta su artifizial bakoak.
Bilboko Udalak erantzunkizunez eta arduraz jokatzeko deia egin deutse bilbotar eta bisitariei, bertan behera geratu diran beste jai batzuetan ospakizun inprobisaduak egon dirala ikusita. Aste Nagusiko egitaraua oso-osorik bertan behera itxi dabe, Udalaren ofiziala zein Konparsena edo beste eragile batzuena. Horregaz bat egiteko eta ezelako ospakizunik ez antolatzeko eskatu dabe agintariek, osasunari lehentasuna emon behar jakolako.
Itziar Urtasun Jaietako zinegotziak adierazpenak egin ditu Aste Nagusi bako egunotan erantzunkizuna eskatzeko: Aste Nagusi guztietan lez, aurten be konplizidadea eskatuko deutsuegu. Ez, ostera, jai dibertigarriak, alaiak, umoretsuak eta erasorik bakoak ospatzeko… Ezpada ulertu daizuen zergaitik ez dogun ospatuko Aste Nagusia, eta guzti-guztiok jokatu daigun erantzukizunez. Danon osasuna jokoan dagoala ganeratu dau.
Jaiak bertan behera ixteko erabagia gogorra izan dala azaldu dau Urtasunek, baina pandemiaren bilakaereak ez dauela beste aukerarik itxi, ezta egitarau apalago bat antolatzeko be. Konparsek, esate baterako, asmoa euki dabe Aste Nahasia dalakoa ospatzeko, formatu txikiko eta osasun-neurri handiko egitaraua, baina hori be bertan behera itxi beharrean izan dira.
Jai giroa galtzetik harago, eragin ekonomikoa be negatiboa izango da, eta sektore batzuetan sufridu egingo dabe 2020ko edizinoaren hutsuneagaitik. Ostalaritza arloa, kulturgileak eta Konparsen atzean dagozan ekimen sozialak dira kaltetuenetako batzuk.
Urtasunek aurreratu dau dagoeneko 2021eko edizinoan pentsetan dagozala, datorren urtean Aste Nagusia bete-betean bueltauko dalakoan. Barriro poztearren, hasi gaitezan 2021ekoa irudikatzen, historiako Aste Nagusirik bereziena izan daiten. Bilbok atzera be izango ditu munduko jairik onenak datorren urtean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!