'Akelarre' film barriaren trailerra ikusgai

Bizkaie! 2020-08-21 11:02   Zinemea

Pablo Agueroren pelikulea irailean estreinauko dabe.

Euskal zinemagintzearen aurtengo produkzino handietako bat da Pablo Aguerok zuzendutako Akelarre film historikoa. Laster helduko da pantaila handira, Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialeko estreinaldian lehenengo, eta zinema-aretoetan urriaren 2tik. Uda ostean ikusi ahal izango dogunaren aurrerapen lez, irudi batzuk eta trailer ofiziala plazaratu ditue.

Ikusi trailerra hemen.

XVII. mendearen hasikerako sorgin-ehizetara eroango gaitu Akelarre-k. 1609a da, eta agintariek Rostegui epailea bialdu dabe Euskal Herrira, ingurua kontrolpean hartu deian, emakumeen kontrako errepresinoaren bidez. Sorginak izatea leporatuta, hainbat andra atxilotuko ditu, horreetako bat Amaia protagonistea.

Euskal Herriko txoko ugaritan errodau dabe Akelarre. Bizkaian, Laga hondartzan, ekin eutsen grabazinoari, eta ondoren Urbasan, Lesakan, Saran eta Zarautzen be ibili dira. Pablo Agueroren bosgarren film luzea da.

Aktore nagusiak Amaia Aberasturi eta Alex Brendemühl dira, Amaiarena eta epailearena egiten, hurranez hurran. Beste aktore batzuk Garazi Urkola, Irati Saez de Urabain, Jone Laspiur, Lorea Ibarra, Yune Nogueiras, Daniel Fanego eta Asier Oruesagasti dira. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu