Pablo Agüeroren eta Antonio Méndez Esparzaren film bana, Urrezko Maskorraren lehian

Bizkaie! 2020-07-30 12:27   Zinemea

Ganera, Aitor Gabilondoren Patria-ren proiekzino berezia hartuko dau Donostiako Zinemaldiak.

'Akelarre' (Pablo Agüero) | Ikusi handiago | Argazki originala

Pablo Agüeroren Akelarre eta Antonio Méndez Esparzaren Courtoom 3H Zinemaldiaren 68. edizinoko Urrezko Maskorra irabazteko lehian egongo dira, antolatzaileek aurreratu dabenez. Ganera, Sail Ofizialean telesail bi eskainiko ditue: Rodrigo Sorogoyenen Antidisturbios lehiaketaz kanpo, eta Aitor Gabilondok sortutako Patria-ren proiekzio berezia.

HBO Europe kanalarentzat sortutako zortzi ataleko telesaila da Patria, Fernando Arambururen eleberrian oinarritua. Indarkeria politikoak banatutako familia biren istorioaren bitartez, Aramburuk Euskal Herriaren hiru hamarkadako historiaren errepasoa egiten dau, eta Aitor Gabilondok horri heldu deutso testua ikus-entzunezko bihurtzeko. Euskal aktore ezagun asko agiri dira: Elena Irureta, Ane Gabarain, Jose Ramón Soroiz, Mikel Laskurain...

Rodrigo Sorogoyen madrildarrak, bestetik, hirugarrenez hartuko dau parte Zinemaldian, baina oraingoan telesail barria dakar, eta ez filma. Lehiaketaz kanpo erakutsiko dau Antidisturbios, Vicky Luengo, Raúl Arévalo, Álex García, Hovik Keuchkerian, Roberto Álamo, Raúl Prieto eta Patrick Criado aktoreak protagonista dituan sei ataleko saila. Indarkeriazko hilketea leporatu deutsen polizia batzuen ganeko istorioa da.

Urrezko Maskorraren lehian egongo diran filmei jagokenez, Zinemaldiak oraingoan iragarri dituan biak eskarmentudun zuzendarien lanak dira:

- Pablo Agüerok New Directors sailean parte hartu eban 2009an, eta Sail Ofizialean 2015ean. Orain errealidade bihurtuta dakarren Akelarre proiektuak 2017an Europa-Latinoamerika VI. Koprodukzino Foroaren ArteKino International Prize saria irabazi eban. Argentinarraren bosgarren filmak Euskal Herriko historia dau ardatz, XVII. mendean sorginkeriagaz lotutako prozesu judizial bat oinarri. Euskeraz eta gaztelaniaz dago. Amaia Aberasturi eta Alex Brendemühl dira protagonistak.

- Antonio Méndez Esparzaren kasuan, hirugarren film luzea dau Courtroom 3H, ez-fikzinozko kontakizun judiziala. AEBetako Florida estaduko auzitegi berezi baten kokatuta dago, umeei lotutako gaiak epaitzen ditue bertan. Koprodukzino espainiar-estadubatuarra da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu