Kataluniatik Huescara, mendirik mendi

Amaia Larruzea 2020-08-20 13:11   Ibilian-ibilian

Pirinioetan zirrikitu ederrak dagoz, ezagutu eta gozau daiguzan ba!

Mediterraneo itsasotik Kantauri itsasora barrena badira ezagunak doguzan mendi eta ibilbideak. Tarteka eta banaka igarotzeko ederrak izatez gan, horreek ertz batetik bestera gurutzatu ahal izateak zentzumen guztiak biztuten ditu naturea, abenturea eta mendia pasino dituan edozeinentzat. Luzea, gogorra eta motxila pisutsua eroatea eskatzen dau bideak, esperientzia, persona eta geure begien gozamenerako parekorik ez daben panoramika eta txokoez gozetako aukerea eskaintzen deusku.

Hurrengo hilabeteotan izango dogu aukerea Hondarribian hasi eta Cap de Creusen amaitzen dan ibilbidearen zatiak proponiduteko; oraingo honetan, barriz, Kataluniatik Huescara egingo dogu bidaia. Zatika eta ohiko bidea alderantziz egitea erabagita, informazino guztiari bueltea emon behar jako, baina horrela beste enkantu bat dau eta zati bakotxa amaitzean errazagoa izango da etxera bueltetea.

La Guingetatik Espot herrira helduko gara, Aiguestortes eta San Maurizioko Parke Nazionalera, Kataluniako tokirik ikusgarrienetako batera, ibilbide eta aukera amaibakoak aurkezten deuskuzan toki magikora, hain zuzen. Bertatik aurrera eginez, Ernest Mallafre izeneko aterpetxe txiki batera helduko gara. Hurrengo egunean, ibilbideko tokirik ederrenetako batera joango gara, nora eta Colomerseko aterpetxera. 2.135 metrora dagoan aterpetxeak laku ederra dau aurrean, bainu bat hartu eta bertako langileen adeitasunaz eta estaldura bako gune lasaiaz gozetako. Halandabe, ez pentsau altuera horretan estaldura eza totala danik, heliportuan badago estaldura apur bat! Ibilbide honetan Carros de Foc trabesiagaz egingo dogu bat, ikusgarriak diran pare bat etapa partekatzen dira. Gogorrak bezain ederrak.

Motxilak pisu handiagoa dauen sensazinoa izan ohi da desnibel honetan, baina, zinez, esfortzuak merezi dau. La Restanca izeneko aterpetxera helduko gara eta handik Conangles eta bost izarreko Cap de Llauset aterpetxetik egingo dogu aurrera, bertatik San Jaime zubira joateko. Bailaraz igaro gara eta Katalunia atzean itxita, Aragoiko bazterretan sartzen hasiak gara.

Hemendik aurrera, Posets-Eriste mendizerrako hiru aterpetxeen ibilbidearen zati bat partekatuko dogu GR-11n aurrera egiten dogun bitartean, izan be, Biados eta Estos aterpetxeetatik igaroko gara, Parzanera bidean. Azken zati hau ibilbideko gogorrenetako bat da alde psikologikotik, ez zailtasunagatik ezta terreno teknikoa dalako be, ezpada oso luzea eta bardintsua dalako. Halandabe, behin Parzanera helduta, asko aldatuko da orain arte ikusitako ikuspegia, Pinetako zirkuan barrena sartzeagaz batera, Ordesa eta Monte Perdidoko parke nazionaleko paradisuan sartuko garelako. Toki gitxi egongo dira munduan zonalde hau besteko politak eta bereziak. Pinetako aterpetxetik Gorizera igaroko gara, Añiscloko lepotik gora, desnibel handiko ibilbidea motxileagaz aurrera egiteko, baina gora heltzean Faja de las Olas ikusi geinke Monte Perdidoko atzealdetik inguratuz eta Gorizeko aterpetxe ezagunerantz.

Bertatik, Torlara jatsi eta Bujaruelorantz abiatzea litzateke bidean aurrera egitea aukerea, baina oraingo honetan hemen itxiko dogu GR-11ren geure bidaia, eta hurrengoan bertatik jarraituko dogu bidea. Etxera joan aurretik, ostera, ikur dogun Monte Perdidoko gailurrera igongo dogu, GR-11 edota Transpirenaica bideko bidaiari amaiera ezin hobea emote aldera. Pirinioek zirrikitu ederrak daukiez geure begien gozamenerako, ezagutu eta gozau daiguzan ba!

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu