Patxi Salaberri euskaltzaina saritu dau Nafarroako Gobernuak
2020-08-20 08:40 Euskerea berbagaiKarlos III.aren dominea emon deutso, hizkuntzalaritzan egindako lanagaitik.
Nafarroako gizartearen alde norbanako eta erakundeen lana autortzeko emoten dau Gobernuak Karlos III.aren dominea, eta aurtengo irabazleen artean dago Patxi Salaberri hizkuntzalari eta euskaltzain osoa. Beragaz batera dominea jasoko dabe Minbiziaren Kontrako Espainiako Alkartearen Nafarroako ordezkaritzeak, María José Calasanzek, Gregorio Lurik eta Ana María Monrealek.
Nafarroako euskerearen historia eta ezaugarriak sakon aztertu izan ditu Patxi Salaberrik (Uxue, 1959). Euskal Filologian doktorea da, eta Nafarroako Unibersidade Publikoko irakaslea. 1996an egin eben euskaltzain urgazle, eta 2005ean, euskaltzain oso.
Nafarroako euskerearen ezaugarriak eta bertako herri eta eskualdeetako hizkerak aztertzea da bere zeregin nagusietako bat, haren artikulu eta argitalpen ugariek erakusten dabenez. Toponimia be sakon jorratu dau, baita oikonimia be, hau da, etxeen izenak eta horreen bilakaerea.
Horregaitik guztiagaitik, Nafarroako Gobernuak Karlos III.aren dominea emon deutso Salaberriri, hizkuntzalaritzearen arloan egindako ikerketa-lan zabala nabarmenduz. Nafarroako hizkeren bilketa eta analisia, Nafarroako fonotekea, euskal dialektika eta oikonimia, besteak beste, aitatu ditu Gobernuak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!