Ikastolen aldeko jairik ez 2020an
2020-08-19 12:15 Euskerea berbagaiHerri Urrats bertan behera itxi dabela esateko prentsaurrekoan aurreratu dau barria Ikastolen Alkarteak.
Agerraldia egin dabe Seaskako eta Ikastolen Alkarteko ordezkariek, 2020ko Herri Urrats bertan behera itxi dabela azaltzeko. Ekitaldi horretan bertan, alkarteko lehendakari Koldo Tellituk aurreratu dau beste herrialdeetako jaiak be ez dirala egingo, osasun arrazoiakaitik. Izan be, Covid-19aren pandemiak barriro hartu dauen indarra ikusita, halako jaiek erakarten daben jentetzea batzea ez da segurua.
Herri Urrats maiatzaren 10ean zan egitekoa, baina pandemiagaitik irailera atzeratu eben. Bizkaiko Ibilaldia eta Araba Euskaraz be, uda aurretik urrira atzeratu zituen. Senpereko hitzordua, behinik behin, ez da egingo aurten, 2021eko udabarrira itxaron beharko da gitxienez. Tellituren berbak entzunda, Ibilaldia eta Araba Euskaraz be ez dira egingo 2020an. Herri Urrats, Ibilaldia, Araba Euskaraz, Nafarroa Oinez eta Kilometroak ez dira ospatuko, adierazo dau.
Ikastolen aldeko bost jaien ordez Euskal Herri guztirako ekitaldi handi eta bakar bat antolatzea buruan darabilela autortu dau Tellituk. Hurrengo asteetan egingo dabe gogoetea aukera horren inguruan, talde lanean, eta zeozer erabagiten dabenean emongo ditue argibide gehiago.
Gaki ge lelopean antolatu dabe 2020ko Herri Urrats. Jaia ezin antolatzea kolpe latza da Ipar Euskal Herriko ikastolak batzen dituan Seaska alkartearentzat. Bertako lehendakari Peio Jorajuriak adierazo dauenez, urte osoko diru sarreren herena Herri Urratsetik jatorke. Hortaz, aurtengo hutsak zulo galanta eragingo deutse Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Behereko ikastolei, betidanik diruz estu ibili dirala kontuan hartuta.
Ikastolen ordezkariek argitu dabenez, agintarien partetik debekurik ez da egon Herri Urrats ez daiten egin. Antolatzaileek eurek hartutako erabagia izan da, jaia egitea arriskutsua izango litzatekeelakoan, Ihintza Bidart koordinatzailearen esanetan. Gogoan izan behar da Euskal Herri osoko milazak lagun hartzen dituala Senpereko aintzireak.
Herri Urrats hutsik egin barik egin da aurreko 36 urteetan, baina 37. edizinoa bertan behera itxi dabe. Ikastolei laguntzeko bost jai antolatzen dira urtero (Ibilaldia, Araba Euskaraz, Nafarroa Oinez, Kilometroak eta Herri Urrats) eta aurten bostak udagoienean egiteko asmoa egon da, udabarrian osasun egoerea ez zalako aproposa. Baina udagoienean be ez dira egingo.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!