Arturo Campionen biografia argitaratu dau Euskaltzaindiak
2020-08-19 09:20 Euskerea berbagaiJoxemiel Bidadorrek hil aurretik editau eban liburua, eta orain topau dabe haren agirien artean.
Arturo Campion euskaltzale, idazle eta politikari nafarraren (1854-1937) biografia barri bat publikoaren esku ipini dau Euskaltzaindiak, Joxemiel Bidadorrek orain dala urte batzuk egindako edizinoan oinarrituta. 2010ean hil zan Bidador, eta haren gauzen artean topau dau bere alargunak liburuaren proiektua. Euskaltzaindiak, Nafarroako Gobernuaren laguntzinoaz emon dau argitara.
Funtsean, Biografía de Arturo Campión izeneko liburu hau José Agerre euskaltzainak Campionen inguruan egindako gogoeta batzuetan oinarritzen da. Hausnarketa bidez idatzitako biografia horretan, Campionen ibilbide literarioa eta politikoa kontetan da. Bidadorrek material hori txukundu, editau eta liburu formatuan gorde eban.
Argitaratu barri dan edizinoan, ganera, Sagrario Aleman eta Patxi Zabaleta euskaltzain nafarrek hitzaurrea idatzi dabe. Hasierako testuok euskeraz dagoz, baina liburuaren ganerako edukia gaztelaniaz da. Euskaltzainak bilduman plazaratu dau Akademiak 150 bat orrialdeko liburu barria.
Arturo Campion alor ugaritan nabarmendu zan, baina beti egin eban Euskal Herriaren izakera politikoaren eta hizkuntzearen alde. Foruen zein euskerearen inguruan sarri idatzi eban, gehienetan gaztelaniaz, baina euskeraz be bai. Gramática de los cuatro dialectos literarios de la lengua euskara lan erreferentziala da aitagarrienetako bat. Akademiaren sorreratik euskaltzain izan zan, eta Eusko Ikaskuntzako presidente be bai.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!