Zuzeneko jazza eguaztenero, Guggenheimeko terrazan

Bizkaie! 2020-08-18 13:03   Musikea

Art & Music Km 0 zikloan, bihar Matias Kaplun Trioren txandea izango da.

Udarako proposamen freskoa dakar Bilboko Guggenheim Museoak, Art & Music Km 0 izeneko zikloa hain zuzen. Eguaztenero, museoko terrazan zuzeneko jazz kontzertuak antolatuko ditue, giro lasaian musikaz disfrutetako, Guggenheimen arkitektura ikusgarriaren gerizpean. IXO Grupogaz lankidetzan sortutako ekimena da.

Bihar, abuztuak 19, Matias Kaplun Trio hirukoteak igongo dau terrazako agertokira. Gitarra jole gaztea da Matias Kaplun, baina dagoeneko astia izan dau mundu zabaleko jazz eszenearen hainbat txoko esanguratsu ezagutzeko. Madrilen ikasi eta gero, 2010ean Bruselako KCB konserbatorioan onartu eben goi mailako ikasketak egiteko. 2016an Buenos Airesera joan zan, eta 2018tik Bilbon bizi da.

Hirukotea osotzen, eskarmentu handiko kide bi izango ditu Kaplunek alboan: batetik, Kike Morak baxu elektrikoa joko dau; bestetik, Carlos Sagi bateriaz arduratuko da.

Hurrengo eguaztenean, hilaren 26an, Carlos Velasco Trio egongo da Guggenheimen. Azkenik, irailaren 2an, Aingeru Torre Quartet izango da protagonista. Zikloaren izeneko Km 0 kontzeptuak dinoanari kasu eginaz, bertoko artisten alde egin dabe egitaraua atontzeko orduan.

Kontzertuak 19:00etan hasi, eta ordu bi ingurukoak izango dira. Sarrereagaz, bisitariek edaria hartu leikie, musikea entzun bitartean patxadaz edateko. Konbinadu bat, ardo kopa bi edo garagardo bi emongo ditue sarrera bakotxeko. Aurretiaz erreserbau leitekez webgunean edo txarteldegian, eta egunean bertan be erosi ahal izango dira, lekurik geratzen bada.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu