Fernando Postigoren 300 argazki ikusgai San Telmon

Bizkaie! 2020-08-18 10:30   Kulturea

1977tik 2001era arteko giro sozial eta politikoa agertzen dau erakusketeak.

Manifestazinoa Donostian, Iñaki Barandiaranen hilketeagaitik (Fernando Postigo, 1978. San Telmo Museoa) | Ikusi handiago | Argazki originala

Donostiako eta Gipuzkoako gizartea astindu eben gatazka eta jazoeren lekuko zuzena izan zan Fernando Postigo argazkilaria, La Voz de España eta El Diario Vasco egunkarientzat lan egiten eban eta. 1977tik 2001era egin zituan 300 argazki inguru Donostiako San Telmo museoan ikusi leitekez orain, zemendiaren 1era arte egongo dan erakusketan.

Diktadurearen amaierea ekarri eben urteak gorabeheratsuak izan ziran, eta ondoren etorri ziranetan be ez ziran gatazkak, hondamendiak eta tirabirak faltau izan, poztasun momentuak ahaztu barik. Hortaz, ia mende laureneko kronikatzat hartu leiteke Postigoren erakusketea, gizartea eta politikea zelan aldatu ziran ezagutzeko bitartekoa diralako bere argazkiak. Izenburua, hain zuzen, Postigo, garai baten kronika da.

Fernando Postigoren artxibo zabala 2016tik dago San Telmo museoaren esku, autoreak berak dohaintzan emon eutsanetik. 55.000 negatibo inguru dira, baina erakusketarako 300 argazkiko lagin txiki bat baino ez dabe hartu. Argazkilaria eta Elisa Querejeta erakusketearen komisarioa ibili dira zeregin neketsu baina interesgarri horretan.

1977tik 2001erakoak urte gatazkatsuak izan ziran arren, gizartearen bestelako ikuspegi bat be sartu nahi izan dabe erakusketan. Eguneroko bizitzako, kiroleko zein kulturako argazkiak aukeratu ditue, gatazka politikoaren alderik gordinena agertzen daben beste batzukaz batera. Hilketen lekuetan ateratakoak ez eze, badagoz Zinemaldiko izarren argazkiak be, berbarako.

Bisitariek San Telmo museoko laborategian topauko dabe erakusketea, martitzenetik domekara zabalik, goiz eta arratsalde. Sartzea doban da. Bisita gidatu bereziak be egingo ditue irailean eta urrian. Euren ikuspuntua emongo dabe, txandaka, Postigok berak, Querejeta komisarioak, Arantxa Urretabizkaiak, Nerea Azurmendik eta Aizpea Goenagak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu