Altzoko Handiaren hazur ikusgarriak

Bizkaie! 2020-08-18 09:01   Pil-pilean

Altzo Azpiko hilerrian agertu dira Migel Joakin Eleizegiren gorpuzkiak.

Paco Etxeberria medikua Altzoko Handiaren hazurren alboan (argazkia: Aranzadi) | Ikusi handiago | Argazki originala

Ikusmin handia eragin dau Aranzadi Zientzia Alkarteak egunotan Altzo Azpiko hilerrian egin dauen indusketeak. 1861ean Altzoko Handia hil zanetik airean egon dan misterioa argitzea izan da helburua, hau da, haren hazurrak hilerrian bertan dagozan, lur emon eutsen lekuan, ala baten batek ostu eta beste lekuren baten gordeta dagozan. Zalantzea argitu dabe zientzialariek: Hazurrak bere lekuan dagoz.

Aranzadiko adituek jentearen eta komunikabideen aurrean egindako aurkezpenean azaldu dabenez, familiaren hilobian bila eta bila ibili dira, eta astegoienean topau ditue Migel Joakin Eleizegi, Altzoko Handiarenak derrigorrez izan behar diran hazurrak. Tamainu arrunteko gizaki batenakaz alderatuta, honeek hazurrak askoz be luzeagoak dira, duda barik bat datoz Eleizegiren proportzino ikaragarriakaz: Hil arte hazi zan, 2,41 metroraino.

Indusketearen alboan, mahai baten ganean ipini ditue Aranzadikoek hazur erraldoiak. Ia osorik agertu da hazurdurea, 160 urtean inork ez dau handik ezer eroateko ahaleginik egin, zurrumurruak dinoanaren kontra. Hazurrak bertatik bertara begiratuta, zientzialariak berehala konturatu dira Altzoko Handiak osteoporosia eukala eta seguruenez min handiz bizi izango zala azken urteetan.

Honenbestez, Altzoko Handia etxean dago, eta hantxe egon da 1861ean hil zanetik, berak eskatutako moduan. Altzoko Udalak pozez hartu dau barria, eta Migel Joakin Eleizegiren ondorengoak be han egon dira, Aranzadikoen azalpenak entzuten. Pilar Unsain Elizegi senideari lora-sortea emon deutse Aranzadiko kideek, eta Altzoko Udalari txosten zientifikoa emongo deutse azterlan guztiak amaitutakoan.

Altzoko Handiaren mitoa handitu daben misterioetako bat argituta dago, beraz. Handia film ezagunaren amaieran aitatzen da baten batek hazurrak ostu eta Ingalaterrako museoren baten egozala, bitxikeria zientifiko lez gordeta, baina fikzinoa, kasu honetan, horretan geratu da: Fikzino hutsean, ze errealidadean Altzoko Handia beti egon da Altzon, senide eta ondorengoen artean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu