Hondartzen denporaldia jentetsua izaten dabil Bizkaian

Bizkaie! 2020-08-14 12:12   Pil-pilean

Pandemiagaitik murrizketak ezarri diran arren, igazko kopuruen pare dago 2020ko udea.

La Arena hondartzea | Ikusi handiago | Argazki originala

Normalean baino distantzia handiagoa gorde behar dogu hondartzan etzunda gagozanean, eta, ganera, jente gehiegi batzen bada zarratu egiten da hondartzea, hutsago egon arte. Covid-19agaitik ezarritako horreek neurriek ez deutse jenteari atzera eragin, antza, Bizkaiko hondartza denporaldiaren lehenengo zatiko datuak ikusi ezkero.

Bagilaren 15ean hasi zan modu ofizialean hondartzen sasoia, eta, garagarrila amaitu arte, hile eta erdian miloe eta erdi lagun joan dira Bizkaiko hondartzetara, Foru Aldundiaren kalkuluaren arabera. Igaz baino gitxitxuago da hori, baina hamabost egun geroago hasi da aurtengoa (igazkoa bagilaren 1ean). Beraz, batez bestekoa eginda, 2019ko eta 2020ko denporaldiak parean dagozala esan leiteke. Garagarrilari bakarrik begiratuta % 5,17 hazi da bisitari kopurua, ganera.

Hamar egunetan itxi behar izan dabe hondartzaren bat jente gehiegi egoteagaitik. Garagarrilaren 5ean, esaterako, zazpi hondartzan hartu eben erabagi hori (Areetan, Plentzian, Gorlizen, Aritzatxun, Laidatxun, Lagan eta Isuntzan).

Garagarrila bakarrik kontuan hartuta, La Arena izan da Bizkaiko hondartzarik jentetsuena, 138.000 lagun joan dira bertara. Ondoren datoz Ereaga (118.000), Gorliz (112.000) eta Plentzia (101.000).

Sorosleek deskantsurako tarte gitxi izan dabe denporaldiaren lehenengo hile eta erdian: estualdiren baten egon diran 2.739 laguni emon deutse arretea (gehien-gehienei zauri edo ziztadakaitik), eta 58 osasun-etxera eroan behar izan ditue. Ganera, hondartzen egoereagaz lotutako 491 abisu zabaldu behar izan ditue. Erabiltzaileen kejak be egon dira, 67 danetara: Komunak itxita egoteagaitik, zaborrontzi nahikorik ez egoteagaitik... Era berean, 211 tona zarama batu dira.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu